Alai Berri Abesbatzako eta udal ordezkariek aurkeztu dute Bergarako II. Otxote Topaketa, "otxoteen arteko harremanak estutzea, euskal folklorea zabaltzea eta lau ahotsetako kantuen aberastasuna herriko kale eta auzoetara hurbiltzeko" helburuarekin.
Bergarako taldearekin batera lau otxote ariko dira: Enara (Baiona), Muñatones Otxotea (Abanto-Zierbena), Txipli Txapla Otxotea (Bilbo) eta Coro de Voces Graves de Pamplona (Iruñea). "Aurtengo edizioan, antolakuntzak jauzi kualitatibo bat eman nahi izan du, topaketaren esparrua Euskal Autonomia Erkidegotik harago zabalduz eta Euskal Herriko lurralde guztietako otxoteak elkartzeko bidean urrats bat egiteko. Hain zuzen ere, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko talde bana izango dira aurtengo topaketan", azaldu du Alai Berriko kide Karlos Etxanizek.
Aretoan eta kalean
Domekako lehen emanaldia Seminarixoan izango da, 11:30ean. Talde bakoitzak lau ahotsetarako moldatutako lau pieza eskainiko ditu. Ostean, 13:00etatik 14:45era, taldeak Bergarako kale eta auzoetan zehar arituko dira kantuan. Talde bakoitzak bere ibilbidea izango du, eta taberna laguntzaileetan geldialdiak egingo dituzte. Horretarako, Bergarako Musika Eskolako trikitilariak izango dituzte bidelagun.
Amaiera gisa, abesbatza guztiak elkartuko dira Irala Kalean, taldeko argazkia ateratzeko eta Txanton Piperri operaren azken himnoa den Euskalherriko kantua elkarrekin abesteko.
Logo berria
Aurtengo topaketak beste berrikuntza bat ere ekarriko du: Alai Berri Abesbatzak logo berria estreinatuko du. Diseinua Manu Muniategiandikoetxeak egin du. Kartelaren irudia ere gin du azken horrek.

Bestetik, topaketan parte hartuko duten pertsona (80 bat pertsona) Santi Arrieta eskultore bergararrak propio sortutako eskultura jasoko dute opari.