Angiolillo liburutegiak eta Fly Shit taldeak antolatuta, This is Hardcore, not Spain proiketua aurkeztu dute Bergarako Kartzela Zaharrean. Hardcore musikaren eta proiektuaren inguruko hitzaldia izan zen lehena, eta ondoren, Euskal Herriko Erruki Jauna eta BOTH taldeek eta Kataluniako Crida Salvatge, Los Monos de Chocolate eta Animal Farm taldeek kontzertua jo zuten.
Hardcore musika Espainiaren aurka
Proiektuak 2024an du jatorria, izan ere, urte horretan argitaratu zen lehen aldiz This is Hardcore, not Spain izeneko bilduma bat. Bertan, Euskal Herriko Erruki Jauna eta Zutik! taldeek eta Kataluniako Crida Salvatge eta Animal Farm taldeek hartu zuten parte. Lagun artean egindako bilduma izan zen. Halako batean, bigarren bilduma bat egitea bururatu zitzaien, talde gehiagorekin. Azkenean, Espainiar estatuko 80 taldek hartu dute parte, eta guztiek helburu berdina izan dute, Espainiar estatuaren aurkako mezuak helaraztea.
"Proiektu oso berezia da. Hardcore munduan beti egon da protesta kutxu bat, leku zein disko guztietan. Hala ere, guk, hori handitzea nahi izan dugu eta Espainiak kaltetutakoak oinarri izan. Orduan hori egin dugu, Espainiar estatuaren problematikari erantzungo zieten ez dakit zenbat talde sartu", azaldu du antolakuntza lanetan egon den Doministikum taldeko Josu Lezama "Potxu"-k. Lehen ideia hartatik garapen handia izan duela azaldu du: "Hasieran 16 talde edo bakarrik ziren, baina, antzerako beste disko bat zegoen hortik, baina ez horren politikoa. Azkenean, anbizio askorekin hau egin dugu".
Abesti guztiak berriak dira, eta 30 segundoren bueltakoak, binilo bakarrean 80 kantu sartu ahal izateko. Hizkuntzak ere pisu handia izan du, izan ere, gaztelera ez den hizkuntza bat zuten taldeek, beraien hizkuntza horretan egin dituzte kantuak, esaterako, euskaraz edo katalanez.
Euskal eta kataluniar taldeen harremana, Oñatitik
Bilduma berrian Espainiar estatu osoko taldeek hartu dute parte azkenean, baina, oinarrian euskal eta kataluniar taldeen arteko harremana dago. Gotzon Hermosilla kazetariak hitzaldian azaldu duenez, bi nazio hauetako taldeen arteko harremanak Debagoiena du oinarri, zehazki, 1982an Oñatin antolatu ziren kontzertuak: "Hainbat taldetan jotzen zuen jendea Euskal Herrira etorri eta kontaktuak egin zituen, esaterako, RIP taldekoekin. Kontaktu horien ondorioz, Kataluniako talde bat, Ultimo Resorte, 1982ko Oñatiko kontzertu historiko hartan egon zenetik, harremana etengabea izan da. Beti egon dira Euskal Herrira etorri diren Kataluniako taldeak eta Kataluniara joan diren Euskal Herriko taldeak".