2005ean Zarautzera joan zen bizitzera Adrian Cuadros (La Paz, Bolivia, 1978). 2008an Boliviara itzuli zen, baina 2011n Bergarara etorri zen, geratzeko asmoz.
Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Oso zoriontsu; familiaz eta lagunez inguratuta beti. Urte haietan kalean lasai ibiltzen ginen. Auzoko parkeetan egoten nintzen lagunekin, eta udak nire aitona-amonen etxean igarotzen nituen.
Noiz etorri zinen Euskal Herrira? Zergatik?
Lehen aldiz 2005ean etorri nintzen, Zarautzera. Ikasketak amaitu eta lanean ibili nintzen, eta handik atera nahi nuen, mundua ezagutu. Europaren erreferentzia neukan, nire gurasoak ere hemen egonak ziren. Hiru urtez bizi izan nintzen han. Oso urte ederrak eta ezberdinak izan ziren. Egungo emaztea ezagutu nuen. 2008 amaieran lan eskaintza interesgarria egin zidaten Bolivian, eta hara itzuli ginen biok. Azkenean, 2011 amaieran edo 2012 hasieran etorri ginen Bergarara, hura hemengoa baita.
Lehen egunetan, zer moduz?
Tira, gaztea nintzen eta guztia zen berria. Ez neukan kargarik; biziraun bakarrik egin behar nuen. Urduri nengoen, beste leku batean bizi nintzelako. Lehen asteetako sentsazioak arraroak ziren. Denbora guztian kanpo sentitzen nintzen.
Erraz hartu zenuen hona itzultzeko erabakia?
Gogorra izan zen. Ni ez naiz urtero Boliviara joaten, garestia delako eta beste gauza batzuk egin nahi ditudalako. Hara joaten naizen bakoitzean, jendea nola zahartzen ari den ikusten dut. Gogorra da. Zarauztik hara itzuli nintzenean jabetu nintzen horretaz lehen aldiz, nire gurasoak ikusita. 2011n hona etortzeko erabakia hartu genuenean, hemen geratzeko asmoarekin nentorren.
Zerk harritu zintuen hemen?
Berdetasunak. Ez nuen horrela imajinatzen.
"Asko jolasten naiz atzerritar izatearekin; batzuetan, anonimoa naizela sentitzen dut, eta hori gustuko dut"
Nola, ba?
Urbanoago. Garatua, baina ez horren garatua. Euskal Herria asko gustatu zitzaidan, Bolivian daukagun herri kontzeptua oso ezberdina da eta. Baldintza eskasetan dauden herriak dira, hirietatik urrun daudenak. Ia ez dago bizitzeko aukerarik. Horregatik, jendeak hirietara migratzen du.
Eta zer esan La Pazi buruz?
Hiri polita dela [Barre]. Oso altu dago, mendiz inguratuta, eta orografia bizimoduaren parte da. Hiri gogorra da, meteorologiagatik. Gobernuaren egoitza ere han dagoenez, esan dezagun dinamika handiko hiria dela.
Bergaratik zer gustatzen zaizu?
Tamaina, leku lasaia izatea, eta bizi-kalitate ona. Bizi-kalitatearena zuentzat normala da, baina horrek animatu nau hona etortzera. Bi alaba dauzkat, eta haiek kalean lasai ibiltzea pentsaezina da Bolivian.
Aldaketarik nabaritu duzu?
Uste dut aldatzen hasi zela ni hona etorri nintzenean. Niri han ez zait muturreko ezer gertatu, baina gaur egun ezin da lasai atera kalera gauetan, adibidez. Zorte pixka batekin, burbuila batean bizi zaitezke: etxetik lanera, handik ohiko lekuetara, eta berriro etxera. Ez dago bestelako askatasunik, eta hori tristea da. Ez zara beldurrez bizi, baina arduraz zabiltza. Indarkeria handiagoa ikusten da, eta narkotrafikoak min handia egin du. Hego Amerikako herrialderik seguruena izaten jarraitzen duela esango nuke, Uruguairekin batera.
Atzerritarra izatea zailtasuna da?
Askotan bai. Lehendabizi, kanpotik etorri denarekiko konfiantza falta dago; hori, leku guztietan. Erakutsi behar duzu konfiantzazko pertsona zarela. Gero, lanean, adibidez, zure gaitasunak erakutsi behar dituzu; beste edozein pertsonak baino gehiago. Zuzeneko diskriminaziorik ez dut bizi izan.
Eta atzerritar sentitzen zara?
Bai, eta asko jolasten naiz horrekin. Batzuetan, anonimoa naizela sentitzen dut, eta hori gustuko dut. Herri txiki batean, agian, ez zara horren anonimoa, baina hemengoa ez naizenez... Bitxia da sentsazioa.
Bi etxe dituzula sentitzen duzu?
Ez. Atzerritarra naiz, baina nire etxea, herria, Bergara da. Hemengo gizartearen zati izateko lan egin dut, zergak ordaintzeaz aparte. Urte asko Katalunian bizi izan zen idazle txiletar batek omen zioen bere alabak zirela bere aberri. Ez dakit egia den edo ez, baina ados nago. Nire familia eta etxea hemen dauzkat.