Gaur aurkeztu dute, Bergarako Laboratorium Museoan, ZTB jardunaldien hamaikagarren edizioa. Urriaren 30etik azaroaren 15era bitarte izango dira aurten jardunaldiak, eta herritarrei ikerketaren unibertsoan barneratu eta zientziara modu desberdinetan murgiltzeko aukera eskainiko zaie. Izan ere, ikerketaren emaitzez harago, haren atzean dagoen prozesua ezagutzea eta ulertzea bilatuko dute aurten jardunaldiek, eta batez ere, ikerketa urruneko zerbait izan beharrean, eguneroko bizitzarekin; enpresekin; hezkuntzarekin eta etorkizuneko erronkekin lotuta dagoen zerbait dela erakustea.
Askotariko eragileen elkarlanaren fruitu dira jardunaldiok, eta hori ondo islatuta agertu da gaurko aurkezpenean, izan ere, Bergarako Udaleko Garapen, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi Maite Usabiagak; Bergarako Udaleko Garapen teknikari Marije Unamunok; Laboratorium Museoko zuzendari Rosa Errazkinek; Elhuyarreko zientzia-koordinatzaile Edurne Gastonek; Enpresare elkarteko zuzendari Carla Añónek; Miguel Altuna Lanbide Heziketako ordezkari Oihana Garmendiak; eta UNED Bergarako koordinatzaile Janire Lamarianok hartu dute parte.
Bi astetik gorako programazioa
Ohi bezala, egitarau oparoa izango dute jardunaldiek. Mota askotako ekitaldiak antolatu dituzte, eta Bergarako Udaleko Garapen, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi Maite Usabiagak azaldu duenez, egitarau zabala osatzea dute helburu: "Egitarau ahalik eta irekiena izaten saiatzen gara". Bide horretan, Bergaratik mundura: Herria sortzen duten Enpresak erakusketa da nabarmentzen den ekintzetako bat: "Bergarako enpresa sarea balioan jartzen duen erakusketa bat egongo da, Enpresarerekin batera antolatutakoa".
Egitarauak aurrez egindako ekintza arrakastatsu batzuk ere berreskuratuko ditu, hau da, esaterako, Elhuyar fundazioarekin elkarlanean antolatutako Wolfram Txinpartak umore ikuskizunaren kasua: "Beste ekintza interesgarri bat, Elhuyar fundazioarekin batera berreskuratzen den Wolfram Txinpartak da. Umorezko bakarrizketak dira hauek, bere garaian, Wolfram Deuna modura ezagutzen zirenak. Pandemiaren eraginez bertan behera gelditu zen hau posible egiten zuen elkarlana, eta aurten, berreskuratu egin da".
Gazte ikerlarien lana mahai gainean
Aipatutako egitarau horretako berrikuntza nagusiena (HI)! Ikerlari, Gazte ikerlarien Forum Zientifikoaren I. edizioa izango da. Lehen edizioa hau azaroaren 11tik 13ra egingo da, UNED eraikinean, eta ikerlari gazteen lana herritarrengana hurbiltzea bilatzen du. Ekimenaren barruan Bailarako ikerlari gazteen poster zientifikoak erakusketa jarriko da ikusgai azaroaren 11tik 13ra bitarte, UNED eraikinean, gazte ikerlarien ikerketa-proiektuak formatu bisualean
ezagutzeko asmoz.
Forumean hainbat arlotako ikerlari gazteek beren ikerketa-proiektuak eta esperientzien ahozko aurkezpenak plazaratuko dituzte, eta askotariko gaiak jarriko dira mahai gainean. "Aukera izango dugu gazte ikerlariek eskuetan dituzten ikerketa horiek gertutik ezagutu ahal izateko. Talentu berriari bere protagonismoa emateko eta etorkizuneko ikerlari eta zientzialarientzat erreferenteak sortzeko modu bat izango da", azaldu du Usabiagak.
Ahozko aurkezpenetako plaza kopurua mugatua izango da, eta beraz, aurrez izena eman beharko da. Horretarako, 943 76 90 03 telefonora deitu edo edo laboratorium@bergara.eus helbide elektronikora mezu bat bidali beharko da. aurkezpenen egitaraua ztbergara.eus atarian ikusi daiteke.
Ondo errotutako ekimena
Antolatzaileak pozik agertu dira jardunaldiek hamaika edizio hauetan izan duen garapenarekin. Bide horretan, dagoeneko, herrian ondo errotuta dagoen ekimena dela nabarmendu du Garapen, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak: "Egia da urtez urte hazten eta sendotzen doan ekimena da ZTB. Bergaran guztiz errotuta dagoen hitzordua da".
Egitarau osoa
- Urriak 30 · 18:00 · Aroztegi aretoa
ZTB Jardunaldien hasiera ofiziala eta “Bergaratik mundura: Herria sortzen duten Enpresak” erakusketaren inaugurazioa. - Urriak 30 – azaroak 15 · Aroztegi aretoa
“Bergaratik mundura: Herria sortzen duten Enpresak” erakusketa. - Azaroak 5 · 9:00-14:00 · Miguel Altuna LH
“Adimen Artifizialeko laguntzaileak, enpresa-produktibitatera begira” barnetegi teknologikoa. - Azaroak 5 · 18:30 · Seminarixoa
“Wolfram Txinpartak” zientzia-umorezko bakarrizketak. - Azaroak 11 · 14:30-16:30 · Irizar jauregia
“Adimen Artifiziala, merkataritzan eta ostalaritzan kide-lagun” tailerra. - Azaroak 11, 12 eta 13 · UNED eraikina
(HI)! Ikerlari — Gazte Ikerlarien Forum Zientifikoa, lehen edizioa.- Erakusketa: bailarako ikerlari gazteen poster zientifikoa
- Ikerlari gazteen aurkezpenak, aditu zein profesionalen hitzaldiak eta enpresa zein prestakuntza arloko esperientziak