Bihartik aurrera, Aranzadi Ikastolarena izango da Kilometroak auzolanean eraikitzeko ardura, eta lekuko berriarekin gainera. Mugimendua, komunitatea eta etorkizunerako leihoa barnebiltzen dituen lekukoa da. "Kilometroen lekuko berriak hiru zutabe jasotzen ditu. Alde batetik, mugimendua, Ikastolen berezko ezaugarria: Etengabe lanean, etengabe eraldatzen eta etengabe martxan. Bigarrenik, komunitatea: guraso, profesional eta ikasleen arteko elkarlana. Eta, azkenik, etorkizunerako leihoa, Ikastolen mugimenduak Euskal Herriari herri-proiektu bat eskaintzeko duen nahia", adierazi dute ekitaldian.
Lazkaon egindako lekukotza aldaketan Aranzadi Ikastolako hainbat ordezkari egon dira; besteak beste, Iker Badiola presidentea, Josune Aranguren zuzendaria, irakasleak, gurasoak eta ikasleak.
Bergaran, 50. urteurrena
2027an beteko dira 50 urte lehen aldiz familia euskaltzale batzuek, frankismoaren garra bizirik zen garaietan, euskararen eta Ikastolen aldeko lehen Kilometroak jaia antolatu zutenetik. Hortaz, mende erdiko ibilbidea ospatuko dute Bergaran 2027ko urriaren 3an. 50. urteurrena baina 51. edizioa izango da Bergarak jasoko duena. Eta Aranzadi Ikastolak badu eskarmentua Kilometroak jaiaren antolaketan, laugarren aldiz egingo baitu: 1991n (Titpi-tapa igo euskararen aldapa), 2007an (Argi daukagu) eta 2016an (Demasa) ospatu zuen Gipuzkoako ikastolen aldeko festa. Oraingo datak, ordea, baditu edizio berezia izateko elementuak.

Aurkezpen ekitaldia
Lekukoa jaso arren, azaroa bukaerara arte ez dute ekimena aurkeztuko. Zehazki, azaroaren 27an, egubakoitza egingo dute ekitaldia, Bergarako Udal pilotalekuan. Ekitaldi horretan aurkeztuko dituzte bai leloa, eta baita jaia ordezkatuko duen irudia ere. Horrez gain, herriari azalduko dizkiote Kilometroen bueltako asmoak eta helburuak.
Auzolanerako deia
Gaurtik aurrera eta ikasturte oso batez, askotariko ekintzak antolatuko ditu Aranzadik Bergaran. Urte osoko ekimena izango da, eta herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean jarduteko nahia azaleratu du. Kilometroak jaia boluntario-lanaren bidez antolatzen dela azpimarratu du Ikastolak: "Egunean bertan 1.000 boluntario inguruk jardungo dugu lanean, baina asko baloratu behar da ikasturte osoan zehar maiztasun estuarekin lanean arituko diren herrikideen borondatea eta grina".
Lana aurrera eramateko, hainbat batzorde osatuko dituzte (komunikazioa, ikuskizunak, muntaia, ekonomia, auzolana, gastronomia, jasangarritasuna, osasuna, zaintza...), eta batzorde bakoitzean parte hartzeko deia beharra dagoen momentuan egingo dute. Hala, parte hartzera deitu dituzte Ikastolari bultzada eman eta ekarpena egin nahi duten herritar guztiak.