ALBISTEAK

Bergaran da altxor txikien kutxa, ez da maparik behar Txotxongilo Mostra aurkitzeko

Hasier Larrea

Helduentzako nazioarteko txotxongilo jaialdia heldu bilakatu zaigu, 18. aldiz antolatu baitu Bergarako Taun Taun konpainiak aurten. Proposamen bitxi bezain ezberdinak egongo dira ikusgai asteburuan.

Iritsi da bi urtetik behin ospatzen den tradizio luzeko hitzordua Bergarara. 1991tik dihardu Taun Taun teatro konpainiak Nazioarteko Txotxongiloen Mostra antolatzen. Hasieran kide gehiago ziren arren, gaur egun hiru lagunen artean mugitzen dituzte hariak. Kalitatezko proposamenen ehizan aritu dira Karlos Odriozola, Iñaki Mata eta Itsaso Azkarate, ez baita batere samurra publiko exijentea txundiaraztea. Izan ere, hainbeste urte pasa ostean, jendea edozerekin konformatzen ez dela adierazi du Azkaratek: “Aurreko aldietan frogatu dugu, zerbait gustatzen ez bazaie, esan egiten dizutela. Desiatzen egoten dira Mostra noiz hasiko, ekartzen duguna hain da berezia!”.

Hamazortzigarren aldi honetarako Euskal Herriko hiru konpainia –Zurrunka, Bitsa eta Estefania de Paz Asin–, Espainiar estatuko lau –Rauxa, La Maquiné, Fam eta Javier Aranda– eta Palestinako bat –Tantura– gonbidatu dituzte. Seminarixoan egingo dituzte hiru emanaldi eta, oholtza nagusi horrez gain, Laboratorium kanpoko aterpea, Aranzadi ikastolako patioa, kartzela zaharra eta kalea bera erabiliko dituzte eszenatoki gisa.

Sarrera librea izango da Seminarixoko aretotik kanpoko funtzioetan, nahiz eta salbuespentxo bat egongo den Ikastolan kokatutako Olvido Flores izeneko ikuskizunean. Zapatuan, 16:00etatik 19:00era, lau pase izango ditu, ordubetero bat, eta han egongo den karabanan banatuko dira gonbidapenak aldez aurretik.

Etxekoen alde, beti

Antzezlan hori 1936ko uztailean Lodosan desagertutako Anastasini Zirkoari buruzkoa da, eta "edertasun garratz" batekin kontatuko du istorio triste hura Estefania De Paz iruñarrak, objektuak eta poesia erabiliz komunikazio-tresna modura. 

Musika aukeratu du, berriz, Zurrunka teatroak, XVII. mendeko frantziar jatorriko Pulcinella pertsonaia barregarria askatasun oihuz janzteko.  

Eta jostunen material mehea da, bestalde, Bitsa konpainiaren apustua Haritik tiraka funtzioan emakume anonimo baten bizitza erdigunera ekartzeko. 

Hiru obra horiekin berretsi du Taun Taun teatrok euskal txotxongilo taldeekiko konpromisoa beste urte batez. 

Estatu mailan, kalitatea

Baina Bergaran egoteko kilometro gehiago egingo dituztenak ez dira atzean geratuko: "Topera dabiltza guztiak. Javier Aranda aragaoitarra, esaterako Frantzian ari da Saeta tragedia komikoa aurkezten, eta parentesi bat egingo du muga zeharkatzeko", esan du Azkaratek. Estación Paraíso 2024an familia ikuskizun onenaren Max saria eskuratzetik iritsiko da Andaluziatik. Itxiera ekitaldi gisa, parean jartzen den oro txiki utziko du La Fam valentziarraren Akilesek. 

Horiek gutxi ez eta Rauxa konpainiakoek proposamen bikoitza jarriko dute ikusgai: alde batetik, dantza eta zirkua uztartzen dituen Anonimos obra berritzailea; eta, bestetik, haizagailuekin mugitzen den Wind & Soul erakusketa, jadanik bisitatu daitekeena. Halako ideia nola bururatzen zaien galdetuta, Rauxako kide Xavi Sanchezek esan du "inork mugitu beharrik gabeko txotxongiloak sortzen hasi zirela duela hamar urte, aktoreok zirkuko akrobaziak egin bitartean bizitza propioa izan genezan". Pandemian biralak egin ziren haien eskulanak, eta horietako hamar "automata" instalatu dituzte Aroztegin, tartean, koadroa margotzen dabilen pintorea. 

Palestina gogoan

Hausnarketarako espazioa ere eskainiko du aurtengo jaialdiak Kartzela Zaharrean. Mousa Khatib errefuxiatu palestinarrak, Ramalatik irten ezinik dagoen aitaren urratsak jarraituz, titereekin tradizioz betetako istorioak kontatuta emango du errealitate gordinaren berri. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak