Bergarako udal tasek %4,8ko igoera orokorra izango dute 2027an

Idoia Aranbarri Arzuaga

Ordenantza Fiskalak bozkatzen, atzoko osoko bilkuran. (Argazkia: I.A.A.).

Irailaren 28an egin zuen Bergarako udalbatzak iraileko ohiko osoko bilkura, eta EH Bilduren aldeko 9 botoekin, eta EAJren kontrako bostekin 2027ko udal ordenantzak onartu zituzten –alderdi sozialistako Alberto Alonso ez zen bilkuran izan–. Jeltzaleek zerga igoera %3,5era mugatzeko eskatu zuten, besteak beste. Horretaz gain, ITASUAko langileek aurkeztutako mozioa onartu zuten, eta EAJk Euskal Poliziaren inguruan aurkeztutako mozioak eztabaida piztu zuen.

Udal Gobernuak bi irizpide nagusi hartu ditu aintzat, ogasun zinegotzi Aitor Arantzabalek udalbatzaren aurrean azaldu zuenez; batetik, herritarren zein Udalaren egoera ekonomikoa eta, bestetik, kalitatezko zerbitzuak ematea. Horrez gain, EH Bilduren bozeramaile Maite Usabiagak gaineratu zuen KPIaren egoera egonkortzen den heinean Udalak bere ahalmen ekonomikoa berreskuratzen joan beharra duela: "Bagenekien, urte batzuetan, igoera progresibo batzuk planteatu beharko genituela, eta horretan ari gara. Ulertzen dugu herritarrek eta familiek hainbeste igarriko ez dituzten igoerak direla".

EAJk aurka bozkatu zuen, eta azaldu zuten, besteak beste, haien proposamena dela igoera %3,5ekoa izatea eta ez ziren ados azaldu hobariak eskatzeko epea urtarrilaren 31ra arte mugatzearekin. "Gure erantzunean kritikatu dugu Udalak esaten duela igo behar dituela zergak KPIa baino gehiago zerbitzuen kalitate ona mantentzeko. Guk pentsatzen dugu kudeaketa on baten bidez, hau da, Europatik etorri diren funtsak sarrera modura erabiltzea izango litzatekeela kudeaketa on bat zergak ez igo eta bergararrek beraien poltsikotik ez ordaintzek", zioen EAJko bozeramaile Kepa Sebalek osoko bilkuraren ostean. Horren aurrean, Usabiagak zioen %3,5eko igoera ez litzatekeela nahikoa izango Udalaren gastuak estaltzeko, eta "zerbitzuen kalitatearen kontra" joango litzateke.

Eztabaida EAJk aurkeztutako mozioarekin

Alderdi jeltzaleak Euskal Poliziaren inguruko mozioa aurkeztu zuen, baina ez zen onartua izan EH Bilduk aurka bozkatu zuelako. Sebalek adierazi zuten, aurkeztu zuten mozioa urte honetan zehar gertatu eta udaltzain eta ertzain agenteek pairatzen dituzten "mehatxuak, erasoak eta irainak" gaitzesteko mozioa dela, eta harrituta agertu zen EH Bilduk mozioa ez babestearekin: "Ez dugu ulertzen EH Bilduk zergatik ez dituen salatu, ez bakarrik udal ordezkari bezala, bazil eta udal langileen arduradun bezala, alkateak udaltzainburu daukan posizioaren aldetik, bera izan beharko litzateke salaketa eta adierazpen horien gidari".

Usabiagak gaineratu zuen EH Bilduk erabat gaitzesten dituela ertzainen, udaltzainen, ordezkari publikoen eta herritarren aurkako indarkeria jokabideak, mehatxuak eta irainak, baina gertaera horien irakurketarekin ez datozela bat: "Mozio honetan aipatzen diren gertaera horiek ere gaitzesten ditugu, baina mozioaren irakurketarekin edo gertaera horien irakurketarekin oso kritikoak gara, eta ez gatoz bat. Mozio honetan iraganeko garai ilunak aipatzen dira eta gazteek ze jokabide eduki duten salatzen da. Guk pentsatzen dugu horrelako irakurketak egitea eta gaur eguneko gertaera hauek iraganeko garai batzuekin lotzea arriskutsuak direla alarmistak direlako eta alarma bat pizten dela ez duguna beharrezkoa ikusten. Irakurketa honek alderdi politikoen arteko konfrontazio batera eramaten gaitu, orduan, benetan, adostasun bat lortzea nahi bada, eztabaidara eramatea gai hau ez dugu zentzuzkoa ikusten".

Babesa ITASUAko langileei

Gaur 81 egun bete dituzte greban ITASUAko langileek, eta atzoko osoko bilkuran mozioa aurkeztu zuten. LABeko ordezkari Ana Sebalek hartu zuen hitza eta egoerari buruzko xehetasunak eman zituen, eta udalbatzak langileek aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten.

ITASUAko langileak atzoko osoko bilkuran. (Argazkia: I.A.A.).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak