Bergarako ondare zientifikoa herritarrei gerturatzearen garrantzia nabarmendu dute Wolframaren Egunean

Goiatz Arana Begiristain

Eguerdian ospatu dute ekitaldi nagusia, Seminarixoan, eta, bertan, Bergarako Enbaxadore Saria eman diote herriko seme Jesus Mari Ugalderi, egindako ibilbide zientifikoarengatik. Ondoren, Jokin Oregi Sortwo eta Mikel Larrañaga Remak artistek Seminarixoko arkupeetan wolframaren aurkikuntzari eskainitako horma-irudi berria inauguratu dute. Ekitaldian izan da Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, beste hainbat erakundetako eta enpresatako ordezkariekin eta herritarrekin batera.

Gaur ospatu da, lehen aldiz, Wolframaren Eguna, Bergarako Udalaren eta Laboratorium Museoaren eskutik. Duela 243 urte, gaurko egunez, isolatu zuten wolframa –Euskal Herrian aurkitu den elementu kimiko bakarra –Elhuyar anaiek, eta, ekimenaren bitartez, efemeridea gogoratu eta herriak zientziaren historian izan duen garrantzia balioan ipini nahi izan dituzte. 

Iraganera bidaia

Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak ireki du ekitaldia, Seminarixoan batu direnei begiak itxi eta 1783ko Bergarara bidaiatzea proposatuz: "Imajinatu laborategi bat eta bi anai gazte, Elhuyar anaiak. Argi bizirik gabeko toki bat, tresna digitalik gabea. Mahai gainean mineralak, beirazko ontziak eta balantzak. Koadernoak, oharrak eta formulak. Irailaren 28 da. Elhuyar anaiek denbora daramate mineral bat aztertzen. Halako batean, zuen buruetan irudikatu duzuen laborategi horretan, ordura arte ezezaguna zen elementu kimiko bat isolatzea lortzen dute, wolframa". Begiak irekitzeko eskatu die jarraian, gaur egunera jauzi eginez.

Bergarako alkate Gorka Artolak hartu du hitza ondoren, eta "Wolframaren Eguna urtero elkartzeko, gure historia zientifikoa ezagutzeko eta gaurko zein etorkizuneko bergararren jakin-mina pizteko hitzordua izatea nahi" dutela azaldu du.

Jesus Mari Ugalderi Bergarako Enbaxadore Saria

Bergarako Enbaxadore Saria banatzerakoan heldu da ekitaldiko une gorena. Aitortza horren bitartez, Bergararekin lotura duten eta ikerketa, berrikuntza, kultura zientifikoa, garapen teknologikoa edo ezagutzaren transferentzia bezalako esparruetan ibilbide nabarmena egin duten pertsonak errekonozitu nahi dira. Jesus Mari Ugaldek jaso du gaur lehen aldiz banatu den saria; EHUko Kimika Fisikoko katedraduna da. Ikerketan egindako ibilbide luzeagatik eta zientziaren dibulgazioari egindako ekarpenagatik nabarmentzen da Ugalde, eta horren bitartez Bergararen izena eta irudia askotariko esparruetara proiektatzen lagundu izana ere jarri gura izan dute balioan sariaren bitartez.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek hari buruz esan du "zientzialari bikaina –Euskadi Ikerketa Saria jaso du–, akademiko eredugarria –sortu duen eskola da horren erakusgarri– eta bere herriarekin eta hizkuntzarekin konprometitutako pertsona" dela. Bergarako Enbaxadore izendapena justizia osoz jaso duela erantsi du segidan, Elhuyar anaiekin dituen antzekotasunei erreferentzia eginez: "Elhuyar anaiek eta Jesus Ugaldek izaera kosmopolita dute komunean. Hirurek egin zituzten goi-mailako ikasketak, eta Euskal Herritik kanpo prestatu eta trebatu ziren zientzialari gisa. Eta hirurek lagundu dute modu esanguratsuan Bergara, Gipuzkoa eta Euskadi gure mugetatik harago ezagutarazten".

Jesus Mari Ugaldek "ohore handiz" jaso du saria: "Nork esango zidan sari handi honetarainoko bidea egingo nuenik, Bergarako enbaxadore izaterainokoa," adierazi du, umorez.

Ugaldek gogora ekarri du, halaber, Laboratorium Museoaren hastapenetan egindako lana, Jose Mari Elorzak eta biek Seminarixoko txoko batean aurkitutako material zientifikoaren balioaz ohartu zirenean. Bereziki nabarmendu du Rosa Errazkinek eta bere lantaldeak urteotan egindako lana, baita 2011n Jakiunde Bergarara ekartzeko eta 2018an Laboratorium Museoa European Science Historic Site izendatzeko egindako bidea ere.

Aurkikuntzari eskainitako horma-irudia

Jokin Oregi Sortwo eta Mikel Larrañaga Remak bergarar artistek Seminarixoko arkupeetan egindako horma-irudiaren inaugurazioarekin itxi dute ekitaldia. Egindako lanak beste begirada bat eskaini nahi izan dio wolframaren aurkikuntzari, historiako pasarte hura museoko erakusketa-espazioetatik atera eta Bergarako paisaia urbanistikoan ikusgai dagoen ondare-elementu berri bihurtuz. 

Bakoitzak bere hizkuntzatik lan egin du: Oregik figurazioa landu du, Elhuyar anaiei eta aurkikuntzaren historiari erreferentzia eginez; eta Larrañagak, berriz, forma, plano, kolore eta konposizioen bidezko zati abstraktua.

Lanak bertaratutakoen arreta bereganatu du, bere tamaina eta ikusgarritasunagatik ez ezik, wolframaren istorioa eta Bergararen ondare zientifikoa gaur egungo lengoaia artistiko baten bidez kalera eramateko duen gaitasunagatik.

Erlazionatuak

Wolframaren Eguna argazkitan

Goiatz Arana Begiristain ira 28, 16:15 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak