"Hitzarmen duin baten alde" ari dira borrokan Itasua IAT enpresako langileak eta atzo arratsaldean kalera atera zituzten aldarrikapenak. Eredutzat sektore berean, lan bera egiten duten beste enpresa baten baldintzak hartuta: 70 ordu gutxiago lan egitea eta bizitzaren garestitzearen aurrean, soldata KPI +3 izatea eskatzen dute.
Adierazi dute Gipuzkoako IAT enpresa bateko langileek baino 133 ordu gehiago egiten dituztela urtean eta 2.000 eta 6.000€ arteko soldata txikiagoak dituztela. Horregatik uste dute eskatzen dutena ez dela "neurrigabea".
Rober Gomez, LAB-eko langileen ordezkariak jakitera eman du datorren astelehenean elkartuko direla berriro ere enpresako zuzendaritzarekin, eta greba-akordio amaiera eskatuko dutela.
Herriarentzat zerbitzua
Herritar guztiak behartuta daude beren ibilgailuak aldizka IAT-ra eramatera azterketa teknikoa egitera, segurtasuna bermatzeko. Horregatik, uste dute interes publikoko zerbitzu baten ezaugarri asko dituela eta Eusko Jaurlaritzari dagokzion ardurak bere gain hartzea eskatzen diote.
Bestalde, sinadura bilketak ere martxan dituzte. Itziar Murua, ELAko langile ordezkariak dio horrekin Eusko Jaurlaritzari jakinarazi gura diotela, herritarrak ere babesa ematen dietela.
Langileek Gatazkari konponbidea ematea gura diote eta edukien inguruan seriotasunez joka dezaten eskatzen die enpresari, argi utzita ez direla edozein akordiorekin konformatuko.