Lehen edizioak aurreikuspenak gainditu zituela azaldu dute antolatzaileek bigarren edizioaren aurkezpena egiterakoan: "370 lagunek hartu zuten parte, haur, gazte zein helduek, gehienek lagunartean edo familian eta batzuek bakarka. Hasierako ideia xume batetik abiatuta, Bergarako kaleak eta inguruneak mapa eskuan zeharkatzeko proposamenak herritarren erantzun zabala jaso zuen. Hala, aurten ere arrakasta bera edo handiagoa izatea aurreikusten dugu", adierazi du Ainhoa Gallastegik, Bergarako Orientazio Probako antolatzaileak. Gaineratuz, lehen edizioko izaera ireki, herrikoi eta inklusiboari eutsi nahi diotela adieraziz.
Bergara beste begirada batekin ezagutzeko
Bergarako II. Orientazio Probak herriko kale, txoko eta ingurune naturalak beste modu batera ezagutzeko aukera eskainiko duela azaldu du antolakuntzak. "Parte-hartzaileek probarako espresuki prestatutako mapa izango dute esku artean eta bertan
adierazitako kontrol-puntu edo balizak aurkitu beharko dituzte. Horretarako, ez da nahikoa azkar ibiltzea: mapa ondo interpretatu, norabidea aukeratu eta estrategia egokia erabili beharko dute. Helburua, azken batean, larunbat goiz batez kirola, jolasa, natura eta herria uztartzea izango da. Irteera eta helmuga Irala kalean izango dira". Gainera, aurten ere, probaren amaieran eta sari banaketaren ondoren, herriko merkataritza eta zerbitzuek eskainitako hainbat opari zozketatuko dira parte-hartzaileen artean. Zozketarako zenbakia dortsalaren zenbakia bera izango da.
Euskaratik eta euskaraz
Probaren beste ardatz nagusietako bat euskara izango da. Kirol eta aisialdi eremuetan euskarak behar duen presentzia izan dezan, ekimena euskaratik eta euskaraz antolatuko da, hasieratik amaierara. Bergarako Orientazio Probak, beraz, kirola eta aisialdia euskaraz bizitzeko arnasgunea izan nahi du aurten ere.
Auzolanetik sortutako ekimena
Bergarako Orientazio Proba auzolanean eta boluntarioen lanari esker antolatzen da. Izan ere, lehen edizioaren jatorria bera herritarra izan zen: Ikastolako guraso talde batek egindako proposamen batetik abiatu zen ekimena, eta antolakuntza taldearen, boluntarioen eta herriko hainbat eragileren elkarlanari esker hartu zuen forma. Laguntzeko interesa duen edonork orientazioproba@bergara.ikastola.net helbidera idatz dezake.
Hiru modalitate
Adin eta behar desberdinei erantzuteko, aurten ere hiru modalitate izango ditu probak. Lehen edizioan erabilitako egiturak harrera ona izan zuen, eta haur eta familiek, nerabeek zein helduek euren neurrira egokitutako ibilbidea egiteko aukera izango dute.
Helduak
● 16 urtetik gorako herritarrentzat.
● 9 kilometroko ibilbidea Bergara inguruetako muinoetan zehar.
● Irteera-ordua: 10:00.
● Bakarka zein taldean: gehienez 3 kide.
● Izen-ematea: 14 euro.
Nerabeak
● 10-15 urte bitarteko gazteentzat.
● Bergara eta inguruak ezagutzeko orientazio-ibilbidea.
● Irteera-ordua: 10:30.
● Bakarka zein taldean: gehienez 5 kide.
● Izen-ematea: 9 euro.
Haurrak eta familiak
● 10 urtez azpiko haurrentzat.
● Bergaran zehar egingo den orientazio-jarduera, herriko historia, kultura eta txokoak ezagutzeko.
● Irteera-ordua: 11:00.
● Gehienez 5 laguneko taldeak, gutxienez arduradun izango den heldu batekin.
● Izen-ematea: 7 euro.
Izen-ematea
Izen-ematea www.herrikrosa.eus webgunearen bidez egin beharko da, eta horretarako azken eguna urriak 11 izango da. Izen-ematearekin batera, parte-hartzaileek dortsala eta sorpresatxo bat jasoko dute. Probak, halaber, beharrezko asegurua eta osasun-zerbitzua izango ditu.
Antolakuntzak bereziki azpimarratu nahi du dirua ez dela inor kanpoan uzteko arrazoia izango. Parte hartzeko interesa duen baina izen-ematearen kostuari aurre egiteko zailtasunak dituen edonork antolakuntzarekin harremanetan jar daiteke. Jasotako ekarpenak proba antolatzeko gastuei aurre egiteko erabiliko dira.