ALBISTEAK

Industrias Ugatu omendu dute Ekinola ekintzailetza jardunaldietan

Eki Letona Erretolatza

Ekintzailetza eta berrikuntza izan dira gaur Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketan egin duten Ekinola jardunaldiaren seigarren edizioaren ardatzak. Horrez gain, Industrias Ugaturen 70 urtetik gorako ibilbidea aitortu dute.  

Ekinola ekintzailetza jardunaldiaren seigarren edizioa egin dute gaur, eta hamar ikasle taldek hartu dute parte ekimenean. Goizean zehar, talde bakoitzak proiektu bat garatu du, gaur egungo hainbat erronkari erantzuteko helburuarekin.

Ikasleek bost erronka nagusiren inguruan egin dute lan: tokiko merkataritza, zibererasoak, teknologia eta osasun mentala, kontsumo jasangarria eta industria. Taldeek ideiak garatu, negozio-ereduak landu eta euren proposamenen prototipoak prestatu dituzte. Jardunaldiaren amaieran, proiektuak aurkeztu dituzte, eta ondoren egin dute sari banaketa.

Ekinolaren seigarren edizioa izanik, antolatzaileek ekimenak ikasleen artean ekintzailetza, sormena eta berrikuntza sustatzeko duen garrantzia nabarmendu dute. Miguel Altunako zuzendari Josu Aranak ere jardunaldiak ikasleen prestakuntzan duen balioa azpimarratu du.

Industrias Ugaturi aitortza

Jardunaldiaz gain, Industrias Ugatu Bergarako enpresari aitortza egin diote. Torlojugintzan diharduen enpresak 70 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du, eta urte hauetan industriaren bilakaerara egokitu da, fabrikaziotik merkaturatzera eta digitalizaziora igaroz. Amaia Ugalde, Ugatu enpresako zuzendari nagusiak enpresaren ibilbidea eta egokitzeko gaitasuna kontatu du.

Bergarako Udalaren ordezkaritza ere bertan izan da. Maite Usabiaga, Bergarako  Garapen arloko zinegotziak gazteen eta herriko enpresa-sarearen arteko harremana sustatzearen garrantzia nabarmendu du. Horrela, Ekinolaren seigarren edizioak ikasleen proiektuak eta tokiko enpresen esperientzia uztartu ditu, ekintzailetza eta berrikuntza ardatz hartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak