ALBISTEAK

Kantuan gozatu dute herritarrek Pantxoa eta Peioren kontzertuaz

Oihana Elorza Gorostiza

Pantxoa eta Peio zuzenean entzuteko gogoz etorritako zaleek bete egin zuten Oxirondo plaza eguazten iluntzean. Lotura berezia dute biek Bergararekin, eta harreman horren lekuko diren hasierako eskutitzen kopiak jaso zituzten opari musikariek ordu eta erdi iraun zuen kontzertuaren amaieran.

Aurrez iragarrita zegoen moduan, Bergaran egin dute kontzertua Pantxoa eta Peiok, Manex Pagolak sortu eta eurek moldatutako abestiaren izena daraman Azken Dantza biraren barruan. Eta espero zen moduan, jende asko batu zen kontzertua zuzenean ikusteko. Ikusteko eta kantatzeko, jo zituzten abesti asko oraindik ere gogoan dituztelako askok.

Bergarako San Martin jaien barruan egin dute kontzertua Pantxoa eta Peio musikariek, Oxirondo plazan. Bete egin zen bi musikariak entzuteko gogoz  etorritako zaleekin. Bikotearen ibilbidean mugarri garrantzitsua izan zen Bergara. Irala zinema-aretoan jo zuten Hego Euskal Herriko lehenengo kontzertua, 1971n. Gainera, Telesforo Monzonen lagun handiak izan ziren, eta haren olerki asko kantatu zituzten, horietako asko gaurdaino heldu direnak.

20 kantuko kontzertua

Ordu eta erdi iraun zuen kontzertua egin zuten Pantxoa eta Peiok. Ondoan izan zituzten Iñaki Dieguez –eskusoinuarekin–, Mixel Ducau –gitarran–, Dánae Riaño –baxuarekin–, Gorka Pastor –teklatuan– eta Josu Erbiti –perkusioan–. Eta tarte horretan, jendeak hain ezagunak dituen Itziarren semea, Lepoan hartu eta segi aurrera, Urtxintxak, Bai euskarari, Ikastoletako ereserkia, Txikia edo Kanta aberria  moduko abestiak kantatu zituzten, sortu zituzten testuingurua zein zen azalduz eta ibilbidean zehar izandako pasadizo batzuk aipatuz. Eurekin batera kantatu zituzten kontzertura joandakoek.

Oparia Bergarako lagunek emana

Euskaldun seme kantuarekin hasi zuten emanaldia eta Azken dantza-rekin amaitu. Jendearen txaloak bukatzearekin batera igo ziren oholtza gainera Felix Zubia Sanpru, Fernando Otaño eta Jesus Bolibar bergararrak. Ikasbidaiarako dirua lortzeko jarri ziren harremanetan Pantxoa eta Peiorekin orduan Elementaleko ikasle ziren Bolibar eta Otaño, 1970ko hamarkadan. Orduko eskutitzak gordeta ditu oraindik Otañok eta horien erreplikak agertzen diren koadro bana oparitu zizkieten musikariei, jendearen txalo artean. Beste bi kantu jota amaitu zen emanaldia: 'Bake mina' eta jendea zutik jarri zuen 'Batasuna'.

Oholtzatik jaitsi zirenean, jende asko hurbildu zitzaien eurekin argazkiak ateratzeko eskatzen, eta horretarako ere hartu zuten denbora Pantxoak eta Peiok Bergaran.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak