ALBISTEAK

Arrazakeriaren oldarraldia salatzeko kalera atera dira

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Bergarako Erregularizaziorako babes taldeak elkarretaratzea deitu zuen atzo arratsaldean Bergarako Irala kalean; Arrazakeriaren oldarraldiari aurre! izenburupean. Hainbat izan ziren, pankartaren atzean arrazakeria salatzeko elkartu ziren herritarrak.

Azken hilabeteetan arrazakeria indartzen ari dela eta Zeutako gertakariak migrazioaren inguruko gorroto diskurtsoak zabaldu dituela salatu zuten: kalean eta baita sare sozialetan ere. Elkarretaratzean adierazi zuten, migratzaileak ez direla mehatxu bat eta ez dutela horrelako mezurik onartuko. Migratzaile guztientzat eskubideak eta duintasuna aldarrikatzen dituzte. 

Zeutako gertakarietatik harago, Euskal Herrian ere kezka sorrarazten duten egoerak daudela seinalatu dute, tartean Donostian debekatutako afari solidarioak.  Neokolonialismoa ere izan dute mintzagai, mendebaldeko herrialdeek, beste lurraldeen pobretzean izandako eragina seinalatuz. Migrazio prozesu hauen jatorrian fokua jartzeko beharra eta hausnarketa falta azpimarratu dituzte. 

Elkarretaratzearen harira zabaldutako irakurketan adierazi dute bergararrek, beren auzoetan eta herrietan pertsonak soberan daudela sinestarazi nahi dietenen aurrean, argi diotela: "Jendea ez dela soberan, arrazakeria baizik". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak