ALBISTEAK

Jaigunea lekuz aldatuta baina ohiko osagaiekin datoz aurtengo sanmartinak

Ibai Irasuegi Garai

Irailaren 11tik 16ra ospatuko dituzte San Martin jaiak Bergaran. Egitarauak ohiko itxura izango badu ere, aldaketa haundi batekin datoz aurtengo jaiak; San Martin plazako obrek eraginda, Oxirondo izango baita jai gune nagusia. 

Denborak aurrera egin ahala, danborren hotsak gero eta ozenago entzuten dituzte bergararrek; izan ere, irailaren 11tik 16ra bitartean ospatuko dituzte San Martin jaiak. Adin guztietarako ekitaldiez osatutako egitarau zabala prestatu dute jaietarako, baina zenbait berezitasun izango dira aurtengo sanmartinetan: nabarmenena da Oxirondon egongo dela jaigune nagusia, San Martin plazako obren ondorioz.

Eguaztenean egin zuten jaiak iragartzeko agerraldia, Oxirondon, eta jaigunea aldatzeko erabakiaren inguruan hitz egin zuen Kultura zinegotzi Maite Usabiagak: "Herriko eragileekin eta Udaleko hainbat sailekin lanketa egin eta gero erabaki genuen sanmartinetako jaigune nagusia Oxirondora eramatea".

Ohiko programazioari leial

Jaigune nagusia aldatu badute ere, sanmartinetako "ohiko programazioarekin" jarraitu nahi izan dutela adierazi zuen Usabiagak. Hala, aurten ere ez dira faltako zapatuko San Martin feria eta bikote nagusien dantza txapelketa, domeka goizeko Simon Arrieta pintura lehiaketa eta martitzen eta eguazteneko helduen eta haurren danborradak, esaterako. Urteroko ekintzez gain, nabarmentzekoa da eguazten arratsaldeko zortzietan Pantxoa eta Peio bikoteak emango duen Azken dantza kontzertua Oxirondo gunean.

Jaigune nagusia Oxirondora eramateko, pentekosteetan egin zuten bezala, Oxirondoko aparkalekua eta Katabia plaza erabiliko dituztela nabarmendu zuen Kultura zinegotziak: "Pentekosteetan egin genuen bezala, oholtza nagusia aparkalekuan jarriko da, eta txosna bat egongo da Santa Marinako eliza aurrean".

Pantxoa eta Peiok 'Azken dantza' kontzertua emango dute San Martin egunean Oxirondon

Danborrada "gaztea"

Sanmartinetako ekitaldi berezienetakoa izaten da danborrada, eta aurtengoak 850 parte hartzaile izango ditu. Nagore Narbaiza teknikariak aurkezpenean adierazi zuen "oso danborrada gaztea" izango dela aurtengoa: "Gazte kuadrillek parte hartzen dute gaur egun, eta azken urteetan oso nabarmena izaten ari da gazteen presentzia hori".

San Martin plazako obren ondorioz ibilbidea guztiz aldatu behar izan dute aurten, eta, horrenbestez, Udal Biltegian hasi eta amaituko da helduen danborrada. Honako ibilbide hau izango du aurtengo helduen danborradak: Udal Biltegia, Masterreka, Bideberri, Herrilagunak zubia, Oxirondo –geldiunea egingo dute eta martxak joko dituzte–, Santa Marina eliza, Fraiskozuri, Herrilagunak, Irala, Barrenkalea, Burdinate, eta, azkenik, Udal Biltegia.

Feria, hilaren 12an

Sanmartinetako beste plater nagusi batekin jarraituz, irailaren 12an egingo dute San Martin feria Oxirondon. Askotariko produktuak saltzeko 37 postu jarriko dituzte aurten –iaz baino bederatzi gehiago–, eta barazki, fruta eta gazta lehiaketak egingo dituzte goiz-eguerdi partean. Horrez gain, hiru tailer egingo dituzte Katabian: Jardun Euskara Elkarteak garaian garaiko fruta eta barazkiak ezagutzeko tailerra; Ekoudalatx Mintegi ekologikoak linimentua prestatzeko tailerra; eta Erlantz Olabarriak kandela tailerra eta erlauntzetik ateratako zuzeneko ezti dastaketa.

Mugimendu sozialista, Boluko pilotalekuan

Mugimendu Sozialistak ez du txosnarik jarriko aurtengo San Martin jaietan, baina egitaraua antolatu du irailaren 11rako. Egunari dagokionez, arratsaldean, kirol ikuskizuna egingo dute Boluko pilotalekuan, eta, ondoren, Berandu Baino Lehen eta DDX musika taldeek kontzertuak emango dituzte.

Erlazionatuak

Bergarako sanmartinak: egitaraua

Mirari Altube Arrese abu 27 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak