HEMEN DEBAGOIENA

Nerea Agirrezabal: "Uste dut oraindik ez dudala sinesten egindakoa"

Gontzal Belategi Zubia 2026ko irailaren 1a

Hamasei estropadetatik hamasei irabazi ditu aurten Nerea Agirrezabal arraunlari bergararra kide den Arraun Lagunak taldeak Euskotren Ligan. Laugarrenez irabazi dute liga jarraian, eta osotara, irabazi duten bosgarren liga da, San Juan taldearen marka berdinduz.

Estropadaz estropada garaipenak pilatzen ibili da aurten Donostiako Arraun Lagunak taldea. Euskotren Liga osatzen duten hamasei estropadak irabazita eskuratu dute garaikurra. Bertako kide den Nerea Agirrezabal arraunlari bergararrarekin izan da Goiena, eta pozik egon arren oraindik ere egindakoa sinestea kosta egiten zaiola aitortu du: "Uste dut oraindik ez dudala sinesten egindakoa". Hala ere, denboraldian zehar presiorik nabaritu ez dutela nabarmendu du bergararrak.

Bosgarren liga, laugarrena jarraian

Denboraldian zehar marka guztiak haustea gutxi ez balitz bezala, bada Arraun Lagunaken garaipena are esanguratsuagoa egiten duen faktore bat, jarraian irabazten duten laugarren liga da. Taldearen ezaugarriak ikusita laugarren garaipen honek ez du sorpresaz harrapatu Agirrezabal: "Aurreko urteko blokea nahiko mantendu delakoan nago, eta uste dut aukerak bazirela. Gero, urte osoan egindako lan eta entrenamenduekin trainerua zela zihoan ikusita aukeretako bat izan zitekeela ikusi genuen. Oso zoriontsu naiz horren parte izatearekin".

Osotara bost Euskotren Liga irabazi ditu Arraun Lagunak taldeak. Modu horretan, San Juan taldearen marka berdintzea lortu dute Juan Mari Etxabek entrenatutako neskek. Taldean poztasuna agerikoa dela azaldu du bergararrak: "Nire kasuan lehen liga da, baina, taldean jendea oso pozik dago. Guztiak oso motibatuta eta indartsu aurkitzen dira, eta gogoekin. Dena da hurrengo banderaren bila joatea lehena balitz bezala eta azkena izango balitz bezala. Orduan, pozik eta gogotsu gaude".

Kontxara begira

Liga bukatu den arren, Kontxako Banderara begira jarrita daude Arraun Lagunakeko kideak. Irailaren 6an eta 13an izango dira jardunaldiak, eta taldea gogor entrenatzen dabil Arraunaren Olinpiadetan ere emaitza onak lortzeko. "Ondo eginez gero eta guztia orain arte bezala joanez gero, ba beno. Indarrarekin eta hori ere lortzeko gogoz gabiltza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak