Emandako odol kantitateak behera egin du aurten ere uda sasoian; ohiko kopuruei jarraituz %40 eta %50 artean hain zuzen ere. Horrenbestez, deialdi ezberdinak egiteko beharra izan da aurten ere Deba bailarako odol emaileen elkarteko ordezkari den Alaitz Zubiaurrek azaldutako legez: "Oporretara joaten gara eta uste izaten dugu ospitaletako odol beharretan ere oporrak izaten direla; baina ez da hala. Horregatik deialdi bereziak egiten ditugu, eta horien artean dago aurtengo erronka: 20 egunetan 5.000 odol-emate lortzea".
Halako ekimen bereziak beharrezkoak izan arren urteko sasoi ezberdinetan, ezinbestekoa dela urte osoan ematea gaineratu du. Horregatik, jarraikortasunean eta kontzientziazioan jartzen dute fokua elkartean, "urtean zehar jende gehiagok emango balu ez litzatekeelako deialdi bereziak egiteko beharrik izango". Zubiaurrek, hain zuzen azpimarratu du odola ematearen garrantzia: "Edonork edozein momentutan honen beharra izan dezakeelako".
Debagoienari erreparatuz gero, biztanleriaren %7 inguruk ematen du odola, eta gainontzeko biztanleak animatu nahi izan dituzte hurrengo odol emateetan parte hartzera.