ALBISTEAK

Greban jarraitzen dute Itasuako langileek

Gontzal Belategi Zubia 2026ko abuztuaren 26a

Itasuako langileek greba mugagabean jarraitzen dute. Gaur gaurkoz, ez dute aterabiderik ikusten, eta greban jarraituko dutela azaldu dute. Enpresak azaldu duenez, sindikatuek bideragarriak ez diren soldata igoerak eskatu dituzte, baina, langileak ez daude ados.

Itasua Ibilgailuen Azterketa Teknikoko Bergarako eta Zarauzko lan-zentroek greba mugagabean jarraitzen dute. Gatazkaren jatorria lan-hitzarmena berritzeko negoziazioetan dago, enpresako hiru urteko ituna urte hasieran amaitu zen-eta. Apirilean hasi zituzten bilerak zuzendaritzak eta langileen ordezkariek, baina, ez zuten inolako adostasunik lortu. Horrek grebara eraman zituen langileak; ekainaren 29an, uztailaren 8an eta uztailaren 10ean lehenengo, eta greba mugagabera uztailaren 13tik aurrera.

Grebak bere horretan jarraitzen du oraindik ere, eta langileek azaldu dutenez, negoziazioek lehengo puntu berdinean jarraitzen dute: "Greba hasi zeneko puntu berdinean jarraitzen dugu. Ez dago ez aurrerapausorik, ez elkarrizketarik. Enpresaren partetik ez dago proposamen berririk eta puntu berdinean jarraitzen dugu", azaldu du ELAko ordezkari Julen Menjibarrek.

Enpresarekin desados

Enpresak, bere partetik, langileen ordezkariek bideragarriak ez diren soldata igoerak eskatu dituztela adierazi du. %1eko igoera eta hurrengo urteetan KPIaren araberako eguneratzea proposatu du enpresak; baina, langileek %3a eskatu diotela azaldu dute, hau bideraezina dela nabarmenduz. Beraiek irtenbideak proposatu dituzten bitartean, sindikatuak ez direla mugitu ere salatu dute.

Langileak ez datoz bat enpresak adierazitakoarekin: "Esaten dutena da ezinezkoa dela guk eskatzen duguna. Ez dugu ikuspuntua partekatzen, badakigu zeintzuk diren enpresaren ahalmenak diren, eta berdin jarraitzen dugu". Gaineratu dute, enpresak adierazi dienez, greba mantendu bitarte inolako negoziaziorik ez dutela egongo, hori fede txarrez jokatzea litzatekeelako.

Greba mantentzearen alde

Langileek azaldu dutenez, gaur gaurkoz, ez dute inolako aterabiderik ikusten. Horrenbestez, enpresaren jarrera mantentzen bada, greban jarraituko dutela azaldu dute: "Ez dugu greba honi amaiera emateko arrazoirik dagoenik ikusten. Enpresaren partetik mehatxuak besterik ez ditugu jasotzen, eta guk ez dugu amaierarik ikusten". Bien bitartean, mobilizatzen dabiltza langileak. Gaur, eguaztena, esaterako, auto karabana bat egingo dute Zarautzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak