Bergarako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimenaren bidez, gazteek abuztuan zehar egoiliarrekin denbora partekatuko dute eta eguneroko jardueretan lagunduko dute. Bigarren hamabostaldian hamabost bat gazte etorriko dira, eta, horrela, egitasmoak hilabete osoan izango du jarraipena.
2009az geroztik egiten da auzolandegia Mizpirualden, pandemiako bi urteetan izan ezik. Urtez urte, Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitako gazteek parte hartzen dute, egoitzako langileekin elkarlanean eta egoiliarrei laguntza eskainiz.
Gazteen laguntza "baliagarria"
Maite Usabiaga Herritarren arloko zinegotziak nabarmendu duenez, "poztekoa da gazteek programa honetan parte hartu nahi izatea". Azaldu duenez, gazteen laguntza "oso baliagarria" da Mizpirualderentzat, eta egitasmoaren helburua "gazteei uda desberdin bat bizitzeko aukera ematea eta, aldi berean, egoiliarrei ere esperientzia aberasgarria eskaintzea" da. Haren hitzetan, belaunaldien arteko harreman horrek "beste istorio eta elkarrizketa batzuk ezagutzeko leiho txiki bat" irekitzen die egoiliarrei.
Mizpirualdeko langile Uxue Iparragirrek ere balioan jarri du ekimenaren eragina. Azaldu duenez, "abuztuan egoiliarrek bisita gutxiago izaten dituzte eta herrian ere jarduera gutxiago egoten da; horregatik, gazteen presentzia oso betegarria da, bai egoiliarrentzat, bai egoitzako lantaldearentzat".
Euskal Herriko eta Espainiako estatuko gazteak
Bestalde, egitasmoko koordinatzaile Selena Aranburuk azaldu du azken unean baja batzuk izan dituztela eta, ondorioz, lehen txandan hamar bat gazte ari direla parte hartzen. Bigarren txandan, berriz, hamabost gazte etorriko dira. Parte-hartzaile gehienak Espainiako Estatuko hainbat lekutatik iritsi dira —Madril, Kordoba edo Alacantetik, besteak beste—, baina Euskal Herriko gazteak ere badaude, tartean Beasaingo eta Galdakaoko parte-hartzaileak.