ALBISTEAK

Barre algarekin agurtu dituzte Boluko jaiak

Hasier Larrea 2026ko uztailaren 26a

Maria Blancok, Mirari Martiarenak eta Ander Malbadik bakarrizketa saioa egin dute Boluko frontoian, jaien hondarrean. Harmailetan adi-adi izan dituzte jarraitzaileak, irribarrea ahoan eta barrez lehertzeko gogotsu. 

Stand-up komedia generoa primeran menperatzen dutela erakutsi dute hiru bakarrizketari gipuzkoarrek. Maria Blanco zestoarrak urtu du izotza, badira-eta bi urte auzoan bizi dela. Ordutik bizitako esperientziak partekatu ditu publikoarekin gertuko konexioa sortzeko: "Gaurkoa oso berezia izan da, plazer handia. Bergaran bizita, nahi nituen bertako erreferentziak hartu, beti delako polita denok ezagutzen ditugun toki, egoera eta pertsonekin umorea egitea", esan du. 

Ondoren Ander Malbadi albizturtarraren txanda iritsi da. Ohi bezala, euskalki guztiak izan ditu jomugan, eta gipuzkoar izatearen alde ez hain positiboak azaleratu ditu: "Euskaldunon izaerari keinu egitea gustatzen zait, efektu polita sortzen du. Toki batzuetan bada gipuzkoarrekiko hate moduko bat, Euskal Herriaren zilborra garela  dirudi. Baina esan behar dut euskalki guztiak direla politak, baita bergarakoa ere: Bergarakuua". 

Mirari Martiarena oiartzuarrak señora izateari buruz jardun du, besteak beste: "Hori onartzen duzun momentutik aurrera bizitza beste begi batzuekin ikusten hasten zara. Batzuek ez dute onartzen, baina gauza polita da ahalduntzea, eta bakarrizketetara eramaten duzunean, publikoaren erantzun beroa jasotzen duzu". 

Haien testigua Aildo Vidal mago eta umoregileak hartu du bukaeran, eta bolutarrak harritzeko trebezia plazaratzeari ekin dio. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak