Uztailaren 26a egun oso berezia da Kubako iraultzaileentzat; izan ere, 1953ko legatu iraultzaileak presente jarraitu dezan ospatzen da. Hori aintzat hartuta, 20 herritarren bueltan bat dira Kartzela Zaharrean, Siempre es 26 eguna ospatzeko. Zapatuan, uztailaren 25ean ospatu badute ere, egun horri eta Kubari lotutako egun osoko egitaraua antolatu dutela adierazi du Kartzela Zaharreko kide Ibai Sanzek: "Zapatua izateak ematen du egitaraua luzatzeko aukera. Aurten, gainera, jakinda Fidelek [Castrok] 100 urte beteko zituela eta ikusita azkenengo hilabeteetan Kuban zein Karibean blokeo guztiak handitzen joan direla, horren bueltako ekitaldi bat antolatzeko egun aproposa iruditu zaigu.".
Euskal Herritik Kubara izenpean antolatu zuten solasaldia, eta Euskadi-Kuba taldeko kide Endika Guarrotxena izan da hizlaria. Sanzek adierazi du "Kubak bizi izan duen eta bizi duen egoeraz gain, Euskadi-Kuba taldearen jarduna" ere ezagutu dutela solasaldian.
Siempre es 26 eguna antolatzearen helburuak "gizartean Kubak bizi duen egoerarekiko kontzientzia sortzea" eta "elkartasun internazionalista dagoela ikusaraztea" direla azaldu du Sanzek.
Solasaldiaren ostean bazkari kubatarra egin dute lehenengo, bazkaloste musikatua eta chill out-a gero, eta Guitarra Armada eta DJ Fidel & Raul taldeen emanaldiekin bukatu dute eguna.