Bonu horiek eskolaratzearekin dute zerikusia, herriko familia zaurgarrienek ikasturte hasieran egon ohi diren kostu gehigarriei aurre egiten laguntzeko. Izan eskolarako materiala, material informatikoa edota eskolan erabiltzeko arropa. "Helburua da baliabide ekonomiko gutxien dituztenei laguntza hau eskaintzea eta aldi berean bonu batzuk dira herriko komertzioetan trukatzeko. Ordenantza honetan aldaketa batzuk txertatu behar izan ditugu legeak hala eskatuta; horretarako 19.500 euroko partida bat dugu aurreikusita", adierazi du Udaleko EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak.
Eskaerak, urriaren 1etik 20ra
Horrez gain, orain arte deialdia pertsonalizatua izaten zen Udalak bazuelako aukera herriko zein familiek zuten halako dirulaguntzak jasotzeko beharra baina datu-babesaren legeak egun ez dio Udalari halakorik egiten uzten. Horregatik deialdi orokor bat egingo da, eta Udaleko ordezkariek kezka puntua badute familia zaurgarrienek gutunaren zain egon daitezkeela uste dutelako; horregatik arreta berezia jarriko dute udazkeneko informazio kanpainan. Zehazki esateko, bonu-laguntza horiek eskatu ahalko dira urriaren 1etik 20ra, udaletxeko Biztanleen Arreta Zerbitzuan.
EAJk begi onez ikusten du
EAJk begi onez ikusten du proposamena, helburu bikoitza duela ikusita eta familiengan zein tokiko merkataritzan "benetako inpaktua" izango duten laguntzak direla ulertuta. "Bi aldetara laguntzen duen diru-laguntza bat. Batetik, familia zaurgarrienei zuzendutakoa da, bereziki adin txikikoei bideratuta eta, bestetik, herriko merkataritza ere babesteko balioko du", dio Udaleko EAJko zinegotzi Kepa Sebalek.
Abuztuko etenaren ostean irailaren 28an egingo da hurrengo osoko bilkura ohiko deialdian.