Avanza enpresako langile bat salatu du arlo penaletik, 2024 eta 2025 urteetan egindako grebetan autobusei eragindako kalteengatik. ELA sindikatuko ordezkari Eugenia Pablosek dio epaitegian ikusiko dela "ezinezkoa" dela hori gertatzea, "ezin baitute frogatu langilea leporatzen zaizkion gertakarien lekuan zegoela". "Sindikatutik eta hura babesten duten gainerako atal sindikaletatik; hala nola, enpresa-batzordeko kideetatik, ulertzen dugu salaketa hau langileak beldurtzeko saiakera bat dela. Greba eta enpresa barruan lan hobekuntzak aldarrikatzea bezalako oinarrizko eskubideak defendatzen dituzten pertsonak isildu eta beldurra sartzeko saiakera bat da", gaineratu du. Gainera, ELAko ordezkariak adierazi du ez dutela "berriro greba deitzeko aukera baztertzen".
ELAk gogorarazi du "askatasun sindikala eta ekintza sindikalerako eskubidea oinarrizko eskubideak" direla, eta "eskura dituen legezko baliabide guztiak" erabiliko dituela langilea defendatzeko. Ebazpenari itxarongo diote orain langileek, baina epaiketak "ibilbide laburra" izatea espero dute.
Avanzaren bertsioa
Avanzako ordezkariek adierazi dute grebak iraun zuen bi hilabeteetan, harriak bota zizkietela 55 autobus baino gehiagotara, eta 90 beira baino gehiago apurtu. Horrek, "100.000 euro baino gehiagoko kalte ekonomikoak" eragin zituen. "Grebako egun horietako baten, Ertzaintzak kaputxadun talde bat identifikatu zuen eta, tartean, pertsona bat nabarmentzen da" esan dute. Horregatik fan dira epaitegira, "fiskaltzak, Ertzaintzaren atestatuan oinarrituta, hartu beharreko erabakia har dezan".