Elkarrizketa honetako protagonista 2024ko abenduan heldu zen, eta herrian duten Pauberri tabernan erantzun ditu GOIENAren galderak.
Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
Oso elkartua zen familia batean hazi nintzen. Esan dezaket bi ama dauzkadala, nire gurasoak 7 urte nituela banandu zirelako. Gerora etorri zen nire bigarren ama, nire aitaren bikotekidea. Banandu arren, oso harreman ona zeukaten, gu ahalik eta ingururik zoriontsuenean haz gintezen. Bihurria nintzen.
Nolakoa zen Mexiko Hirian bizitzea?
Han jaio nintzen, baina hilabete gutxi nituela Tolucara joan ginen bizitzera, Mexiko Hirian kutsadura hazten ari zelako eta gure garapena hobea izan zedin amari gomendatu ziolako pediatrak.
Nolakoa da Toluca?
Mexikok 130 milioi biztanle ditu ia, eta Tolucak, milioi bat biztanle. Herria dela diot, baina hiri txikia da. Askok elkar ezagutzen dugu, eta ni bizi nintzen gunean, San Jorgen, lagun asko nituen, harreman ona geneukan eta bizilagunekin ere ondo konpontzen nintzen. Han egin nituen ikasketak eta Zuzenbideko lizentziatura. Abokatu egiten nuen lan, epaitegietan eta notariotza publikoan.
Nolatan utzi zenuen jaioterria?
Aitak Donejakue bidea egin zuen bizikletaz, eta guri oinez egitea proposatu zigun. 38 egunean 800 kilometro egin genituen Frantziatik Santiagora [Galizia]. Espainia punta batetik bestera zeharkatu genuen. Jendea gustatu zitzaidan, eta bidaia amaitutakoan aitari esan nion Madrilera joan nahi nuela. Masterra ikasi nuen Madrilen, 2017an, eta zazpi urte bizi izan nintzen han.
Madriletik Bergarara, nola?
Anaia Erickekin nengoen Madrilen, baina hura hona etorri zen, lanagatik. Hainbat arrazoirengatik, Bilbora etorri nintzen, eta urtebetez han egon nintzen. Han nengoela, Erickek esan zidan taberna bat zabaltzeko aukera zuela, eta nik ere parte hartu nahi nuen. Hona etorri nintzen 2024ko abenduan.
Kontatu didazunagatik, hirietan bizi izan zara; orain, herri batean.
Neure buruari esaten nion Bergarara etortzea konplikatua zela, ez nuelako neure burua herri batean bizitzen ikusten. Oso ondo egokitu naiz. Herriko bizimodua asko gustatzen zait, eta ez naiz herritik joango.
"Bizimodu batera ohituta zaude, eta guztiz aldatzeak transformazioa eskatzen du"
Zer gustatzen zaizu Bergaratik?
Dena. Oinez lekuetara joatea. Zoazen lekura zoazela beti dago agurtzen zaituen ezagun bat. Klima; hotza eta euria egiteaz gain, eguzkia ere badago. Familia bat oparitu dit Bergarak. Leire ezagutu dut, eta haren bi alabak. Bi txakur ere baditugu, eta familian sentitzen naiz eurekin, eta oso eskertuta.
Erraza da jaioterria uztea?
Ez; hori bizi izan duenak badaki sentimendu asko daudela tartean. Bizimodu batera ohituta zaude, eta guztiz aldatzeak transformazio prozesua eskatzen du.
Zailtasunik izan duzu?
Une onak bizi izan ditut, baina baita gogorrak ere. Bilbon oso bakarrik egon nintzen eta oso gaizki pasatu nuen. Madrildik Erick joan zenean ere bai. Nire ama asko igartzen dut faltan. Bideo-dei bidez hitz egin dezakegu, baina besarkada bat eman ez. Nire amona, izebak... Esan dizudana: familian egotekoa izan naiz asko.
Nolakoak zarete mexikarrak?
Alaiak eta pertsona onak. Munduan denetik dago, baina esango nuke onak gehiago gaudela. Bihotz ona daukagu.
Eta euskaldunak?
Beti esan izan dut antzekoak garelako direla gure banderak kolore berekoak. Jatorrak. Asko pentsatzen duzue elkartasunean eta indarrean.
Tolucan festak ospatzen dituzue?
Bai, patronalak edo herrikoiak. Barrakak eta musika jartzen dira. Kuadrillan gehiago ospatzen duzue hemen.
Debagoieneko ze festa gustatzen zaizkizu?
Bergarakoak dira onenak. Arrasateko sanjuanak ere gustatzen zaizkit. Domekan, San Martzialera igoko naiz.
Mexiko bada opor-helmuga; zer bisitatzea gomendatuko zenieke debagoiendarrei?
Mexiko Hirian, Tolucan, Guadalajaran eta Monterreyn ikusi daiteke egunerokotasuna. Herrialde handia da, 32 estatu ditu, eta bakoitzak bere kultura eta tradizioak ditu. Mexiko prehispaniko batera joan nahi izanez gero, Oaxaca eta Chiapas aipatuko nituzke. Piramideak daude, herriko jendea eta kultura tradizionala ezagutzeko aukera dago han.
Euskara ikasten hasiko da irailean
Bazuen euskararen berri Mendozak, eta ikasturtea hasita zegoela joan zen amaitu berri den ikasturtean euskaltegira: "Klasera egokitu nahi nuen, baina aurreratuta zihoazen, eta, horregatik, irailean hasiko naiz. Asko gustatzen zait euskara, eta hemengo parte izatea ahalbideratzen dit. Historia handiko hizkuntza da. Hemen bizi naizenez eta Bergarak horrenbeste eman didanez, zer hobe euskara ikastea baino".
Mexikar odola zainetan
Duela urte eta erdi heldu zen Bergarara, eta, euskalduna sentitzen den galdetuta, adierazi du "mexikar petoa" dela: "Nire lurra da, eta harro nago mexikarra izateaz, baina asko maite dut Euskal Herria". Kulturei dagokienez, ezberdintasunak igarri ditu; adibidez, poteoa. Baina euskal kulturatik barneratu duen gauza bat dela azaldu du, barrez. Azken urtean Mexiko bisitatzea zailagoa egin bazaio ere, saiatzen da urtean pare bat aldiz joaten. Bi etxe dituela sentitzen du, baina, momentuz, haren etxea Bergara dela dio: "Alde horretatik, nire etxea Bergara da, Mexiko baino gehiago".