Erromeria goizean goiz hasi dute, eta aurten, lanak direla eta San Martin plazatik abiatu beharrean, Egino Mallea plazan egin dute alborada. Bergararrak oinez zein autobusez–herribusak gora tea behera ibili dira– igo dira goizean zehar eta ermita alboko zelaietan zeuden gerizpeak azkar bete dituzte kuadrilla ezberdinek.
Eguerdian Haizea Arana eta Andoni Rekondo bertsolariak aritu dira, eta jarraian, San Martzialgo unerik bereziena heldu da, ohorezko sokarekin eta ohiko aurreskuekin. Udal ordezkariek, ohikoa den bezala, parte hartu dute dantzaldian, eta une bereziak eta hunkigarriak bizi izan dira zelaian.
Dantzaldia bukatu denean Gorka eta Hekthor trikitilariek eta Lizarrako gaiteroek girotu dute erromeria, eta bergarar asko animatu dira, beroari aurre eginez, dantzez eta musikaz gozatzera. Kantina inguruan, gainera, kantu herrikoiak abesten aritu dira. Urtero legez, bolo-jokoan ere aritu dira bergarar asko, kantinaren alboan.
Aurten, urtero ateratzen duten aldarrikapenerako argazkia Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldekoa izan da.
Arratsaldean, herri kirolen eta haurren jolasen txanda izan ohi da, eta gaurkoan Gesaltza txaranga arituko da giroa are gehiago berotzen. Gainera, Lisker taldeak erromeria eskainiko du.