2008ko sanmartinetan etorri zen lehendabizikoz Bergarara Guillermo Sanz Martinez (Madril, Espainia, 1987), eta 2010a ezkero bizi da hemen. Musikarekin lotura estua da, eta Harria taldeko bateria-jolea da gaur egun. Gustuko duen herriko txokoetako batean, Usondo parkean, erantzun ditu GOIENAren galderak.
Hona etorri aurretik, nolakoa zen zure bizimodua Madrilen?
Oso ezberdina. Nire lehen urteetan, ez daukat gogoan... hirian bizi ginen. Baina gerora, nire gurasoak 30 kilometrora zegoen herri batera joan ziren bizitzera. Ez dira, ordea, hemengo herri berdinak. Lo-hiria zen. Etxebizitza asko, berdeguneak, baina herri izaera gutxi zegoen. Ez zeukan Bergarakoaren antzik. Lagunekin egoten nintzen, eskolara eta musika eskolara joan, baina kaleko bizitza gutxi egiten genuen, hemengo umeekin alderatuta.
Zergatik etorri zinen?
Bi arrazoirengatik. Bata, nire emaztea hemengoa delako. Esan daiteke Bergarara ezkondu nintzela. Momentuan ez ginen ezkondu, baina... gogoa neukan hona etortzeko. Gero, asmoa bazen musika ikastea Musikenen. Ez nuen lortu, baina Bergarara berdin etorri nintzen.
Hiri batetik Bergarara.
Herri ertaina da, baina niretzat txikia zen. Zerbitzu asko ditu. Oinez joan zaitezke batetik bestera. Hori niretzat aldaketa zen. Ez nengoen horretara ohituta. Sozializatzea errazagoa izan zen, nire emaztea bertakoa delako. Hala ere, hauxe lehenengo topikoa: kostatu egiten da jendea ezagutzea. Jarduteko erak ez ziren berdinak. Niretzat patxo bat edo besarkada bat ematea normala zen, eta hoztasun puntua aurkitu nuen.
Ze ikuspegi zeneukan Euskal Herriari buruz?
Euskal Herria hona etorri nintzenean deskubritu nuen. Euskal Herria oso idealizatuta etorri nintzen. Ikuspegi konkretu batekin etortzen zara eta bizitzen hasten zarenean konturatzen zara badituela bere identitate, berezitasun eta ezaugarri zehatzak, baina munduko beste txoko bat da.
Idealizatuta, ze zentzutan?
Hainbat kontu politikoren bueltan entzun ditugun topiko asko, adibidez.
"Madril topiko askorekin lotzen da; baditu ezaugarri propioak, baina oso hiri plurala da"
Hona etortzeko erabakia hartzea erraza izan zen?
Ni gogotsu nengoen Madrildik ateratzeko. Ez nuen neure burua hiri handi batean bizitzen ikusten. Denbora asko galtzen da distantziak egiten. Erritmo frenetikoagoa da. Ez zen zaila izan. Familia utzi nuen han, musika taldea... Hori uztea gehiago kostatu zitzaidan.
Nola hartu zintuzten?
Emaztea bertakoa denez, beso-zabalik. Alde horretatik, babestuta sentitu naiz.
Ohitura ezberdinak ditugu?
Hemen ere Madril topiko askorekin lotzen da. Jende mordoa hartu eta hartzen duen hiria da. Baditu bere ezaugarri propioak, baina oso hiri plurala da. Nire gurasoak, adibidez, joan ziren Aragoitik bizitzera hara. Madrilgoak dira? Bai, baina kulturalki ez. Beste topiko bat da, baina ni harritu ninduena janariarekiko ikuspegia izan zen. Niretzat harrigarria izan zen. Jendea janariarekin obsesionatuta ikusten nuen. Jana eta jana. Zer jan gauean, bihar... Niretzat janaria zen behar nuen erregaia aurrera jarraitzeko.
Jendea harritu egiten da euskaraz entzun eta madrildarra zarela jakitean?
Ulertzen dut jendea esker onekoa izatea ni bezalako pertsona batek euskara ikasi duelako, eta euskararekiko duen ikuspegiagatik. Eskatu izan didate nortasun agiria erakusteko, ez didatelako sinesten Madrilgoa naizela. Era berean, horrek sentiarazi nau maskota, zentzu batean. Zerbait berezia izango balitz bezala, eta horrekin pertsona ona naizela edo.
Zergatik ikasi euskara?
Bizitzera etorri aurretik, bi urtez joan-etorriak egiten ibili ginen, eta banuen euskararekiko atxikimendua. Hona etorri nintzenean garatu nuen, Udal Euskaltegian izena emanda. Gaztea nintzen eta denbora nuen ikasteko. Oso baldintza onak izan nituen euskara ikasteko. Ez dut uste hizkuntza zaila denik, berez, baina, ez daukazunez erreferentziarik, zaila egiten da. Euskalkiak euskaldun berri batentzat zailtasun gehigarria dira; gainera, ikusita euskalkien distantzia geografikoa oso-oso motza dela, zailagoa. Erabaki nuen, bereziki, Bergarako euskarari lehentasuna ematea.
Zuretzat zer da Bergaran bizi den madrildarra izatea?
Ez dut gustuko azalpen horiek guztiak ematea. Bergarakua naizela diot, nongoa naizen galdetzen badidate. Hemengoa sentitzen naiz; emaztearekin sortu dudan familia hemen dago errotuta.
Musika, pasio eta iturri
Elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan hitz egin du musikari buruz, eta hitzordura Bergarako Musika eta Dantza Eskolako kamisetarekin etorri da. Aitortu du familian ez dagoela musikaririk, baina txikitatik izan duela gustuko: "Begi-oker jaio nintzen, eta ebakuntza egin zidaten. Nire teoria ez da zientifikoa, baina esaten dut beste zentzu batzuk hasi nintzela erabiltzen beste modu batean. Belarri ona daukat eta txikitatik arreta eman dit". Ez da haren lanbidea, baina Harria musika taldeko bateria-jolea da.
Euskal Herriarekiko lotura
Musikak ere balio izan zion hona etorri aurretik Euskal Herriarekin harremana izan eta bertako berri jakiteko ere: "Euskal Herriari buruz nekizkien gauzak, batez ere, lotuta zeuden musika talde jakin batzuekin. Piperrak, Kortatu eta SA ezagutzen nituen, eta haien abestiek zerbait kontatzen dizute, baina gauza handirik ez. Gero, hedabideetan kontatzen dena; batez ere, gatazka politikoari dagokionez, egia erdiak; askotan, gezurrak zirenak. Horixe da Euskal Herriarekiko neukan jakintza".