Udarako musika eskaintza zabala antolatu dute Bergaran

Josu Bilbao Atxutegi 2026ko ekainaren 24a

Berumuga jaialdiaren baitan, uztaileko lau egubakoitzetan, nazioarteko talde garrantzitsuez gozatzeko aukera egongo da Espoloian. Kontzertuak doakoak izango dira. Gainera, Usondoko Kontzertuak egitasmoan Euskal Herriko hiru talde arituko dira.

26. Berumuga jaialdia aurkeztu dute gaur Bergarako Espoloian. Kontzertuak doakoak izango dira eta uztaileko lehen lau egubakoitzetan izango dira: Uztailaren 3an, Koko-Jean & The Tonics, uztailaren 1oean Jackie Venson, uztailaren 17an NF Soul Station eta uztailaren 24an Maria Carbonell Blues Mood.

Gaztelupeko Hotsak zigiluko arduradun Ubane Uzinek nazioarteko lau taldeen maila goraipatu du: "Gero eta ospe handiagoa hartzen ari diren taldeak dira. Aurten horien musikaz gozatzeko aukera izango dugu Bergaran, izan ere, etorkizun baten, askoz zailagoa izango litzateke talde hauek ekartzea".

Egitaraua: 

- Uztailak 3: Koko-Jean & The Tonics: Soul eta rhythm & blues estiloko talde indartsua, ahots boteretsu eta energia handiko zuzenekoarekin.
- Uztailak 10: Jackie Venson: Estatu Batuetako artista nabarmena, blues, rock eta funk estiloko gitarra-jole eta abeslaria, nazioartean ospe handia lortu duena.
- Uztailak 17: NF Soul Station: Soul, funk eta groove doinuak uztartzen dituen banda, publikoarekin konektatzeko gaitasun handikoa.
- Uztailak 24: Maria Carbonell Blues Mood: Bluesa ardatz duen proposamena, sustrai klasikoak eta ukitu garaikidea uztartzen dituena, ahots eta interpretazio sendoarekin.

Usondoko Kontzertuak

Horrez gain, Euskal Herriko artisten erakustoki diren Usondoko kontzertuak ere aurkeztu dituzte gaur Espoloian. Ekainaren 27an Txuma Murugarren errenteriarraren rocka entzuteko aukera egongo da; uztailaren 9an Moonshine Wagon gasteiztarren txanda izango da; eta uztailaren 18an Bea Asurmendi aramaioarra igoko da agertokira. Eguraldi txarrarekin seminarioan egingo dira kontzertuak. Emanaldi guztiak Seminarixoan izango dira, 22:00etan.

Musika klasikoa eta kaleko ikuskizunak

Gainera, abuztuaren 8-9ko asteburuan musika klasikoa jarraitzeko aukera ere izango da Bergaran. Zapatuan Herbeheretako eta Belgikako kideek osatzen duten Ad Hoc Vakanti orkestrak kontzertua egingo du 12:00etan, Espoloian. Domekan, San Pedro Parrokian, Donostiako Hamabostaldi Musikalarekin bat eginez, organo kontzertua antolatu du Bergarako Udalak, eta bertan, Olmar Elejaga dantzari bergararra ere arituko da.

Musikaz gain, kaleko beste arte adierazpen batzuk ere izango dira. Uztailaren 2an, bere ibilbideari amaieran emango dion Trapu Zaharrak taldeak Eutsi Ramon! izeneko bere azken obra ekarriko du. Eta uztailaren 11an, Barsanti taldearen eskutik Kodizia late night obraz gozatu ahalko da Munibe plazan, 22:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak