Beroa ez da oztopo izan Labegaraieta kiroldegiaren kanpoaldean elkartu diren familientzat. Arratsalde osoan zehar, kulturarteko olinpiadek herriko kultura desberdinetako herritarrak elkartu dituzte jokoaren, kirolaren eta elkar ezagutzearen bueltan. Antolatzaileek aitortu dute eguraldiagatik espero baino jende gutxiago gerturatu dela, baina giro ona eta parte-hartzaileen gogoa nagusitu dira.
Bizipoza, Herri Hezitzailea eta Ndank Ndank elkarteek elkarlanean antolatu dute hitzordua, ikasturte osoan zehar garatutako kulturarteko lanketaren amaiera gisa. Lander Juaristi antolatzaileetako baten esanetan, helburua argia izan da hasieratik: "herriko kultura desberdinetako familiek elkar ezagutzeko aukerak sortzea". Modu naturalean elkartzea ez denez gertatzen, beharrezkotzat jo dute topaguneak eta aitzakiak sortzea.
Senegaleko borroka eta kriketa
Borroka senegaldarraren erakustaldia egin dute, eta bertaratutakoek kirola probatzeko aukera ere izan dute. Esperientzia ona izan dute dute eta hainbat haurrek "errepikatzeko gogoarekin" amaitu dute jardunaldia.
Pakistango komunitateak ere bere kultura eta kirol ohiturak erakutsi ditu, kriketaren bidez. Parte-hartzaileek kirol horren oinarriak ezagutzeko eta praktikan jartzeko aukera izan dute, herrian gero eta presentzia handiagoa duen komunitate baten errealitatera hurbilduta.
Antolatzaileen ustez, jarduera fisikoa tresna ezin hobea da pertsonen arteko harremanak sustatzeko. Juaristik azaldu duenez, kirola eta jolasa elkar ezagutzeko aitzakia dira, eta horrelako espazioek komunitateen arteko loturak sendotzen laguntzen dute.
Etorkizunean: aitzakiak sortzen jarraituz
Etorkizunari begira ere mezu argia zabaldu dute. "Harrera-herria izatea nahi badugu, eta euskaratik eta euskaraz beste komunitateetara ireki nahi badugu, beharrezkoa da elkar ezagutzeko aukerak sortzea" azpimarratu dute. Azaldu dute helburua ez da soilik ondo pasatzea; ludikotasunaren bidez herriko kultura aniztasuna ezagutu, bizi eta balioestea ere bada.