Ohorezko Erregional Mailan lehen postua eskuratuta, Euskal Ligarako bidea hartu du Bergarako futbol taldeak. Emakumezkoen taldeak liga honetan jokatuko duen lehen aldia izango da historian, eta Lander Ugarte entrenatzailearen arabera, etorkizuneko belaunaldien "erreferentzia" izango da taldea.
Denboraldi "oso polita"
"Denboraldi oso polita izan da. Aurreko urtean igo ginen maila honetara eta itxaropen asko geneuzkan jarrita" dio Ugartek aurtengo denboraldiaren inguruan. entrenatzailearekin bat dator Uxue Iparragirre jokalaria. "Denboraldia oso ondo joan da. Esan daiteke denboraldi polita izan dela. Bukaera aldera gogorra ere egin zaigu, igoera gertu zegoelako baina presio puntu bat genuelako, baina orokorrean polita izan da. Lan ona egin dugula uste dut eta eta bukaera ezin hobea izan da" azaldu du Iparragirrek.
Ohorezko Erregional Mailan lehen postua eskuratuta lortu dute Euskal Ligarako txartela
Euskal Ligari erreparatuta, "talde lehiakorra" dutela uste du Maider Jorge jokalariak, eta bertan jokatzeko gai izango direlakoan dago. Hala ere fokua hobekuntzan eta maila mantentzean jartzen du: "Aurten denboraldi bukaera intentsoa izan dugu eta ezin genuen huts egin igotzea nahi bagenuen. Hurrengo urtera begira fokua hobetzen jarraitzean izango dugula uste dut, guztiok talde bezala hobetzean. Suposatzen dut helburu nagusia maila mantentzea izango dela, atzetik datozenek ere igoera honetaz urteetan barrena gozatzen jarraitu ahal izateko.
Zazpi urtean garapen handia
Zazpi urtez izan da taldearen entrenatzaile Ugarte, eta taldeak garapen handia izan duela uste du: "Taldea hartu nuenean oinarri falta handia zegoen, orokorrean neskengan. Lehen taldean garatu beharreko aspektuak gaur egun infantiletan garatzen diren gauzak ziren". Garapen honen parte izatea ederra izan dela dio: "Ederra izan da, ez soilik kirol lorpenengatik, emakumezkoen futbolak Bergaran hartu duen egitura ikusteagatik. Oso aberasgarria da ikustera etortzen den jendeak zein ondo jokatzen dugun esatea".
Emakumezkoen futbola aurrera
Garapen handia izan du emakumezkoen futbolak, eskolako patioan entrenatzetik Euskal Ligan jokatzerainokoa
Egungo taldearen lorpenak ezin dira ulertu aurrez bidea urratu zuten horiek gabe. Bide hori egiten izan ziren Amaia San Torcuato eta Mariñe Diez jokalari ohiak, eta biek uste dute emakumezkoen futbolak aurrerapauso nabarmenak eman dituela. "Egia de egun Debagoienan, Gipuzkoan zein munduan emakumezkoen futbolak zein kirolak garrantzia gehiago hartu duela, baina ni hasi nintzenean Agorrosinen entrenatu beharrean, neskei eskolako patioan entrenatzera bidaltzen ginduten, ez ziguten garrantzirik ematen. Zorionez gauzak asko aldatu dira, baina oraindik ere lan handia dago egiteko", dio San Torcuatok.
Diezek epe motzagoan eman diren aldaketetan jartzen du fokua: "Duela bost sei urte beteranoenak ginenak aguantatzen egoten ginen, taldea mantentzeko harrobia etorriko ote zen zain, taldea osatzeko neska kopurua izateko. Azken bi-hiru urtetan hori aldatu dela ikusteak indarrak ematen dizkizu".