"Askotariko esperientziak" bizi izan dituzte herriko ostalariek Pentekosteetan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 5a

Oxirondoko jaigunea, Bitorianatxoren jaitsieran. imanol  soriano

Beste urte batzuekin alderatuta, jende gutxiago ibili da erdiguneko tabernetan; Matxiategi inguruko tabernetan, aldiz, gehiago.

Plazako lanengatik Oxirondon jarritako jaiguneak eta bero sargoriak markatutako Pentekosteak izan dira aurtengoak. Horrek ondorioak izan ditu herritarrek jaiak ospatzeko zein jaietan mugitzeko eremuetan, eta ostalaritzan. "Jendetza" ibili da jaietan, baina txanponaren bi aldeak bizi izan dituzte Matxiategi kale inguruko eta alde zahar edo erdiguneko tabernariek, oso Pentekoste "ezberdinak" bizi izan baitituzte.

Aurreikusi gabeko jaiak

Jende gehiago ibili dela nabaritu dute Matxiategi kale inguruko tabernetan. Etxalar taberna da Oxirondotik gertuen geratzen den taberna, eta ohikoa baino mugimendu handiagoa nabaritu dute; batik bat, egubakoitzean. "Ekintzak erdigunean daudenean herritarrek zer egiten dute? Gertuen dagoen tabernara joan. Hemen gauza bera egin dute", dio Etxalar tabernako Sonia Teixugueirak. Aurreko urteetan, herriko jaiak izan direnean, ez dute izan ospakizunen sentsaziorik: "Bagenekien mugimendu handiagoa ibiliko zela guztia Oxirondon izanda, baina uste genuena baino gehiago izan da. Stocka gastatu zitzaigun eta supermerkatura joan behar izan genuen erostera".

Kayak tabernako Cristobal Carvajalendako ere "oso Pentekoste onak" izan dira. Hiru urte igaro dira taberna hartu zuenetik, eta Pentekoste "ezberdinak" izan direla aitortu du. Jaigune bateratua Oxirondon jartzeak izan du eragina. Baita eguraldi onak ere, uste baitu eguraldi txarra egin izan balu egoera bestelakoa izango zela. Egubakoitzean antzeman zuen mugimendu handien: "Jende pila zegoen, eta ezin erantzunda ibili ginen".

Ohi baino jende gutxiago Iralan

Jaigunea Oxirondon jarrita, kontrako esperientzia izan dute erdiguneko eta alde zaharreko taberna askok, eta "ohi baino jende gutxiago" ibili dela esan dute. "Urteko egunik indartsuenetakoak izaten dira, eta irabazirik ez da egon hemengo tabernetan". Hala ere, zenbaiti "zertxobait" lagundu dio Mugimendu Sozialistaren txosna Munibe plazan egoteak. Era berean, adierazi dute, eta kalean ere entzun dute, plazako lanak hasteko hamabost egun itxaron zitezkeela eta "galerak" sanmartinetan bakarrik izan.

Sanmartinetan, zer?

Plazako obren harira, jaien ostean Udalak adierazi zuen "aldaketa esanguratsuak" egon direla aurten, eta "beharrezkoa" zela balorazioa "patxadaz eta sakontasunetik" egitea. Plaza obretan egongo da, eta Pantxoa eta Peioren kontzertuaren iragarpenarekin aurreratu zuten sanmartinetan ere "beste espazio publiko batzuk egokituko" dituztela kontzertuetarako.

Horretaz herriko ostalariei galdetuta, GOIENAri adierazi diote ekintzak hiru gune konkretutan kontzentratu beharrean herrian zehar banatu beharko liratekeela, jendea herriko hainbat txokotan ibil dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak