Plaza barik, lekualdaketekin eta beroarekin, esentziari eutsi diote jaiek

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 28a

Lokatza Ziklismo Eskolako kideak, udal ordezkariekin. (Argazkia: GOIENA).

Udalaren ustez, "lehen inpresioak onak" dira, eta "eragileek eta herritarrek erakutsitako prestutasuna eta inplikazioa" eskertu du; Xaxau Konpartsak azaldu du bi txosnan "jendetza" ibili dela.

Ekintzaz betetako eta bero sargoriak jantzitako bost egun izan dira aurtengo Pentekosteak; baita lekualdaketek baldintzatutakoak ere. Bitorianatxo Santa Marinatik Oxirondora jaitsita eta Lokatzako Ion Unamunoren pregoiarekin hasi ziren Pentekosteak, joan den egubakoitzean. Unamunok gogoan du unea: "Oso berezia izan zen, duda barik. Oxirondo jendez beteta zegoen, eta horretara ez gaude ohituta. Bost minutuko hitzaldia botatzea, Bitorianatxok hitza ematea... Benetan oso hunkigarria da, eta, aldi berean, beti oroitzekoa".

Lekualdaketak, "apustu handi"

Jaien lehen balorazioa egin du Udalak, eta nabarmendu du "apustu handia" egin duela hainbat arlotan, bereziki, lekualdaketetan, eta horrek "aldaketa esanguratsuak" ekarri dituela: "Egia da eguraldia lagun izan dugula, baina, aldi berean, faktore horrek ere baldintzatu ditu zenbait erabaki eta emaitza. Horren guztiaren aurrean, eta nahiz eta lehen inpresioak onak diren, uste dugu beharrezkoa dela balorazioa patxadaz eta sakontasunetik egitea. Aldaketa ugari izan direnez, ezinbestekoa da lehen inpresioetatik harago joatea eta ikuspegi zabalagoarekin aztertzea gertatutakoa, bai eragileekin batera, bai jai batzordean bertan". Ondorio sendoak ateratzeko hurrengo pausoa "hausnarketa partekatua eta lasaia" egitea dela aurreratu du Udalak.

Halaber, "eragileek eta herritarrek erakutsitako prestutasuna eta inplikazioa" eskertu du: "Egoera berrietara egokitzeko izan den jarrera eta konpromisoa funtsezkoak izan dira jaiak aurrera ateratzeko".

Xaxau: "Oso jai arrakastatsuak"

Balorazio "oso positiboa eta polita" egin du Xaxau Jai Herrikoien Konpartsak. Txosnak Bideberritik Oxirondora lekualdatuta ere "jendetza" batu da, eta Xaxauko kide Andoni Etxezarretak gaineratu du Oxirondo "oso espazio ederra" dela txosnak jartzeko, Bideberrik "nostalgikoki beste xarma bat" izan arren. Eskerrak eman dizkiete boluntario lanetan ibili diren herritar guztiei: "Lan egitea ez da erraza izan egin duen beroarekin eta ibili den jendetzarekin. Sekulako lana egin dute". Era berean, eskerrak eman dizkiete baita ere baltsa-jaitsieran laguntzen ibili direnei eta parte-hartzaileei: "Beste urte batez, ekintza oso-oso arrakastatsua izan dela uste dugu, eta herrian ikusmin handia sortzen duena".

Aurreratu du oraindik zenbait balorazio egin barik dituztela, baina, dakitenaren arabera, ez zaiela "inolako abisurik heldu" erasoekin lotuta: "Hori ere poztekoa da egun hauetan ibili den jendetzarekin. Orokorrean, oso jai arrakastatsuak eta onak izan dira. Eskerrak eman, besterik ez, boluntarioei eta txosnagunera etorri direnei".

Atxilotu bat domeka goizean

Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen domeka goizaldean, "beste bi gizon zauritu zituen borroka batean parte hartzeagatik". Gertakariak 05:00 aldera izan ziren, eta, Ertzaintzak jakinarazi duenez, patruilak iritsi zirenean, hiru inplikatuak borrokan ari ziren tokian bertan zeuden: "Haietako bik ebakiak zituzten gorputzean, eta hirugarrenak kolpeak zituen gorputzean eta aurpegian. Hainbat ebaki zituzten gazteek adierazi dutenez, beste gizonak arma zuri batekin eraso egin zien minutu batzuk lehenago, eta haiek ere haren aurka jo zuten, defendatzeko".

2.000 euro Katxalinendako

Katxalin elkarteak eta Rural Kutxak elkartasun-ekimena egin zuten martitzenean Irala kalean. Herritarrek bizikleta estatikoetan egindako kilometro bakoitzeko dirua batu zuten bularreko eta ginekologiako minbiziaren aurkako ikerketarako. Bero zakarra egin bazuen ere, pedalei eragin zieten. Guztira, 1.000 kilometro eginda, Katxalin elkarteak 2.000 euro bildu zituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak