ALBISTEAK

'Euskaltzaleon Martxa'-n parte hartzeko deia egin diete debagoiendarrei

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 28a

Ekainaren 13an Iruñeko kaleak Euskal Herri osoko euskaltzalez betetzeko mobilizazioa antolatzen ari da Euskalgintzaren Kontseilua Euskaltzaleon Martxa lelopean, eta Bergarako eragileek ere egin diete dei debagoiendarrei gaur goizean egin duten ekitaldian ekimenean parte hartzeko. Euskalgintzaren Kontseiluak abenduan, Pizkunde berri bat eragitea aldarrikatu zuten bezala, ekainekoan, euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatuko dute.

Egun osoko eta adin guztiei zuzendutako egitaraua antolatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta manifestazioa, arratsaldeko bostetan hasiko da. Iruñeko hiru puntutatik abiauko da: Antoniutti parketik, Runako parketik eta Askatasunaren enparantzatik, eta ekitaldia Gazteluko plazan egingo dute. Hiru irteera puntu, hiru zutabe, hiru helburu. "Hiru martxa izango dira manifestazio klasikoa izan beharrean. Hiru zutabeak izango lirateke Ofizialtasun osoa, Euskaltzaletasuna eta Hizkuntz politiketan jauzia ematea. Martxa bakoitza lema batekin joango da. Hori izango da aurkeztu den modua. Ikusten dena da behar dugula jauzi bat hizkuntza politiketan eta horretarako kaleak hartu behar ditugula. Presioa sartu behar diegula alderdi politikoei eta instituzioei; euskararen aldeko olatua sortu behar dugula guztion artean. Herritarrok kaleak betetzearekin egingo dugula uste dugu", azaldu du Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kide Ibon Leibar Txinbo-k.

Ekitaldian nabarmendu dute azken hamarkadetan berreskurapen ziklo bat gertatu bada ere, geroz eta gehiago direla euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dituzten datuak eta ikerketak, eta zailtasun horiei erantsi behar zaiela euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatu bat. Hala ere, uste dute posible dela euskararen biziberritzeari bultzada ematea.

Autobuseko txartelak salgai

Bergaratik autobusak antolatu dituzte ekainaren 13an Iruñera joateko. 10:00etan aterako dira autobus geltokitik eta itzulera 20:00etan izango da. Txartelak salgai daude Ganbara eta Pol-Pol tabernetan edota Jardun Euskara Elkartearen bulegoan 15 eurotan. Aurreratu dute, Arrasatetik eta Oñatitik ere jarriko dituztela autobusak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak