Pentekosteak denonak direla aldarrikatu dute hasiera ekitaldian bai Bitorianatxok bai Lokatzak

Goiena 2026ko maiatzaren 22a

Santa Marinako erlojuan 20:00ak zirenean jaitsiko da Bitorianatxo kanpandorretik behera. Bergararrak zain zituen jendez lepo zegoen plazan eta ondo baino hobeto moldatu da Oxirondoko oholtza nagusiraino heltzeko. Orduan lehertu da festa jai-gunean. Bergararrak agurtu ostean, 50. urteurrena ospatzen ari den Lokatza Ziklismo Eskolako lagunek hartu diote lekukoa.

Bandaren doinuak entzun orduko agertu da Bitorianatxo Santa Marinako kanpandorrean eta 20:00ak puntuan ekin dio goitik beherako bideari. Plaza goraino beteta zegoen haren zain eta keinu polita izan da; izan ere, Lokatza Ziklismo Eskolako elastikoarekin egin du hegaldia.

Jostalari zegoen. Ia oholtzaraino iritsi denean gora egin du berriz eta bigarren jaitsieran, orduan bai, heldu da helmugara. Mikroa hartu bezain pronto agurtu ditu bergarar guztiak: "Aupa Bergara! Aupa zuel! Zer moduz zaudete?", izan dira haren lehen hitzak. 

Agurraren ostean mezu garrantzitsuak bota ditu. "Pentekosteak denonak dira! Jaiak gozatzeko dira. Errespetuz, elkar zaindu dezagun eta guztien artean giro ona sor dezagun", adierazi du. Gehiago esan du: "Presente: eduki ezetz ezetz da" eta herritarrek, erakunde eta elkarte antolatzaileek eta laguntzaileek festa ospatzeko egindako lana goraipatu du.

Jaietan egoterik ez dutenak ere gogoan izan ditu: "urrun bizi direlako edo halabeharrez etxean gelditu behar izan dutelako", esan du. "Bete jaiak bihotzez eta euskaraz", izan dira Bitorianatxoren azken hitzak.

Lokatzaren pregoia

Bitorianatxoren ostean Lokatza Ziklismo Eskolako lagunek hartu dute hitza. Ion Unamuno presidenteak egin du berba kolektibo osoaren izenean eta lagunez inguratuta egin du pregoia, heldu zein ume. Eskerrak eman dizkio Jai Batzordeari Lokatzari pregoia botatzeko aukera emateagatik. "Ohore handia da", esan du.

Oparia ere eman diote txikitan Lokatzako ziklista izandako Gorka Artola alkateari: Lokatzako elastikoa. Berehala jantzi du Artolak.

Pregoian elkartearen sorrerako urteak izan ditu gogoan Unamunok eta 50 urteotan ziklismoaren alde makina bat lan egindako hainbat lagun. Esan du Lokatzak beti sumatu izan duela babes handia herri mailan.

Amaitzeko, Gorka Pentekoste Jaiak! Aupa Lokatza! eta Aupa Bergara! oihukatu ditu plazan elkartutako bergararren txalo zaparrada jasoz.

Orduan lehertu da festa. Tradizioari jarraipena emanez, Bergara Musika Bandak Pobre y Alegres pieza jo du eta Jai Batzordeak koloretako puzgarri handiak askatu dituzte plazan.

Hasi dira Pentekoste Jaiak. Berehala hasi dira, gainera, lehenengo ekintzak Oxirondoko jai-gunean.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak