Oskar Wilde idazlearen Erraldoi Berekoia ipuinaren musikala taularatuko du ekainaren 7an Bergarako Antzerki Musikala taldeak. Iñigo Casaliren egokitzapena da eta Valen Moñuzek euskaratu du. Orain arte gazteleraz egin dute beti; Bergarakoa izango da euskaraz egingo den lehenengo aldia.
Irungo Ametsa abesbatzak Casaliren Erraldoi Berekoia obra antzeztu gura zuen baina ez zekien arropak nola egin edo non eskuratu. Casalik ezagutzen zuen Bergarako Antzerki Musikala taldea, aurretik ere bere lan batzuk musikatu zituztelako bergararrek. Gauzak horrela, Casalik berak eman zien Bergarakoen berri Irungoei eta bergararrak egin zizkieten jantziak. Lan hori eginda zegoenez, obra euskaratzea eta Bergaran ere antzeztea pentsatu zuten gero.
Erraldoi Berekoia musikalean, Bergarako Musika eta Dantza eskolako ikasle gaztetxoek hartuko dute parte. Hiru abesbatza egongo dira ordezkatuta: Bergarako hasi berriena zein gaztetxoena eta baita Antzuolan sortu berri dutena ere. Guztira 50 ikasletik gora egongo dira oholtza gainean, tartean lehen aldiz bakarlari egingo duten batzuk.
Bergarako antzineko jolasekin
Erraldoi Berekoia ipuin musikatuak, baina, jantzien eta kantuen lana ez ezik, badu beste gehigarri bat; hori ere, herritarrekin batera egin gura izan dutena. Izan ere, musikal horretan kaleko jolasak edo kantuak diren piezak sartzen dira. Orain arte, erderazko kantak izan dira, baina Bergaran, horiek euskaratu beharrean Bergarakoak bertakoak sartzearen alde egin dute eta halan, Rosa eta Blanka Narbaiza ahizpengana jo dute laguntza eske.
Ekainaren 7an, Seminarixoan
Duela urtebete hasi ziren Erraldoi Berekoia musikalaren entseguekin. Ekainaren 7an estreinatuko dute, euskaraz, Bergarako seminarixoan. Bi emanaldi egingo dituzte, biak arratsaldean, 17:00etan eta 18:30ean, eta sarrera doan izango da.