2026ko uztailaren 21a egun seinalatua izango da Euskal Herriarentzat. Izan ere, 150 urte beteko dira Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foruak abolitu zituztenetik; eta 50 urte, halaber, Bergarako Alkateen Mugimendua sortu zutenetik. "Bi gertakariek sakon markatu dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera", azaldu du Gorka Artola Bergarako alkateak.
Hori dela eta, ekitaldi politiko-instituzionala egingo dute Bergaran, uztailaren 19an, urteurrenak gogoratzeaz gain, etorkizunari begirako konpromisoak partekatzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen inguruko eztabaida berritzeko, azaldu dutenez. Ekitaldiari buruzko xehetasunei buruz galdetuta, oraindik ez dute ezer aurreratzerik gura izan.
Foruak, balio eta eskubide historikotzat
1876ko uztailaren 21ean abolitu zituzten Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foruak, "eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera handia" eraginez. Mende bat geroago, 1976ko uztailaren 21ean, Bergaran bildutako alkateek testuinguru politiko berrian "herriaren nortasuna, udal tradizio demokratikoa eta autogobernuaren aldeko borondatea" berretsi zituzten, Alkateen Mugimendua sortuz.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu Euskal Herriaren ibilbide historikoa "markatu" duten bi efemeridek bat egingo dutela aurten eta, horregatik, "lehen mailako esanahi instituzional eta politikoa" izango duela data horrek. "Duela mende erdi Bergaran bezala, aldarrikatuko dugu herri bat garela eta jarraitu nahi dugula gerora begira ere elkarlanean gure autogobernua eraikitzen, erakunde propioak defendatzen eta euskararen biziberritzean urratsak ematen", azpimarratu du.
Halaber, Foruei balioa eman die: "Foruak dira euskaldunok geure burua gobernatzeko eta antolatzeko izan dugun eta daukagun lurzoru historikoa, herri gisa ditugun balioen isla: demokrazia, berdintasuna, aldebikotasuna eta akordioa, besteak beste. Balio eta eskubide historiko horiek sendotzen eta eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berritzeko okasioa izango dugu".
Artolak, atzera begiratzearekin batera, aurrera begiratzeko baliatu gura ditu urteurrenak. "Gure historia ulertu eta etorkizunera begira hausnartzeko aukera eskaintzen digute. Izan ere, Foruen abolizioak gure lurraldeen autogobernuan eta eskubide historikoetan eragin sakona izan zuen, eta ondorio horiek gaur arte iritsi dira", azaldu du.
Alkateen Mugimenduari dagokionez, zera azpimarratu du: "Aboliziotik 100 urtera, 1976an, testuinguru politiko erabat desberdin batean, herri honetatik bertatik, Euskal Herriaren nortasuna, eskubide historikoak eta autogobernuaren aldeko konpromisoa berritu zituzten. Mugimendu hura erreferente izan zen, eta gaur egun ere badu indarra: udalerriok herritarren borondatearen adierazpide hurbilena gara eta erantzukizun berezia dugu etorkizuna eraikitzeko orduan".
Egungo erronkak jomugan
Oroimena lantzearekin batera, egungo erronkei begiratzeko unea dela azaldu dute Artolak eta Mendozak, trantsizio ekologikoa eta energetikoa, euskararen biziberritzea, zaintza sistema duin baten eraikuntza eta desberdinkeria soziala nabarmenduz. Erronka horiei aurre egiteko, "autogobernu sendoagoaren beharra" azpimarratu dute biek.
Azkenik, erakundeen arteko elkarlana aipatu dute, "memoria historikoa eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gaitasuna uztartuko dituen ikuspegi partekatua eraikitzeko" helburua ardatz hartuta.
Mozioa ere, onartuta
Atzo, astelehena, maiatzeko ohiko osoko bilkura egin zuen Bergarako udalbatzak eta aipaturiko bi urteurrenei buruzko mozioa onartu zuen, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin –PSE-EEk aurka bozkatu zuen–. Artolak, horren harira, zera aipatu du: "Mozio hori Hego Euskal Herriko erakunde guztietara zabalduko da; izan ere, Foruek Hegoaldeko lurraldeei eragin zizkieten".
Hitzaldi ziklo bat
Urteurrenen harira, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak hitzaldi ziklo bat prestatu du. Lehen saioa datorren astean izango da, maiatzaren 28an, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 17:00etan. Hain zuzen, Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrenak egingo du hitzaldia, Euskalerriko Eskubide Historikoak: Eguneratze prozesuak eta Europar Batasuna izenpean. Horren ostean, EHUko irakasle Rosa Aierbek Forua eta foraltasuna: kontzeptu baten edukiak hitzaldia egingo du.
Ekainaren 4an, EHUko katedradun Luis Castells 1976ko testuinguru historikoari buruz ariko da, 1976ko uztaila; puntu eta aparte ala jarraipena? izeneko hitzaldian. Gipuzkoako Argazkilari Elkartean izango da saioa –San Juan kalea, 27 - Donostia–, 19:00retan.
Halaber, ekainaren 25ean, UPNAko katedradun Roldan Jimenok honako hitzaldi hau egingo du, Gipuzkoako Argazkilari Elkartean izango da saioa –San Juan kalea, 27 - Donostia–, 19:00retan: La ley abolitoria de los Fueros de 21 de julio de 1876 y la foralidad navarra, una comparación con lo sucedido en las tres provincias vascas.
Hurrengo hitzaldia irailaren 3an, izango da, Jon Arrieta EHUko katedradunaren eskutik: El concepto y práctica de la abolición de derechos en la historia de España. Hori ere Gipuzkoako Argazkilari Elkartean izango da –San Juan kalea, 27 - Donostia–, 19:00retan.
Irailaren 10ean, Xabier Zabalza historialari eta EHUko irakasleak Vasconia, España, Francia, Europa y la Ley Vieja: una visión personal de los "derechos históricos" hitzaldia egingo du. Halaber, irailaren 24an, Alberto Alberdi ekonomia doktoreak kontzertu ekonomikoari eta egungo Euskal Herriari buruzko saioa egingo du.
Urriaren 1ean amaituko dute zikloa, Gipuzkoako Foru Aldundian, Juanjo Alvarez EHUko katedradunaren hitzaldiarekin: Estrategia de la proyección internacional (y, en particular, la vertiente europea) de la foralidad, la resignficación de nuestros conceptos clásicos en un mundo tan complejo.