Bergarako alkate Gorka Artolak eta Laboratorium Museoko zuzendaria Rosa Errazkinek egin diote ongietorria Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuari.
Erakusketa bisitatu ondoren, sailburuak haren balio dibulgatzaile eta emozionala azpimarratu du: "Eguzki-eklipse oso bat behatzea da pertsona batek fenomeno natural bat ikusten duenean bizi dezakeen esperientziarik hunkigarrienetako bat. Ekimen honekin, alde emozionala alde batera utzi gabe, astronomia eta eguzki-sistemaren funtzionamendua hobeto ezagutzeko aukera emango digun alde intelektuala eskaini nahi dugu ".
Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendaria pozik agertu da Bergara zientzia-dibulgazioko programa ibiltari honen parte delako, eta nabarmendu duenez, "datorren abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa aukera paregabea izango da zientziarekiko jakin-mina pizteko eta astronomiaren bidez ingurunea ezagutzeko".
Lau totem erraldoi
Erakusketa ilustrazio zientifikoek osatzen dute, eta astronomia-fenomeno hori modu didaktikoan, eskuragarrian eta erakargarrian publiko guztiei hurbiltzeko diseinatuta dago, herritarrak eklipsea ulertzera eta gozatzera gonbidatuz.
Erakusketa dibulgazio zientifikoko jarduera-programa ibiltari baten parte da, eta zientzia Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutara eramango du. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimen honek Jakindari aliantzako 20 erakunde baino gehiagoren lankidetza du; horien artean daude Donostia International Physics Center (DIPC) eta Aranzadi, erakusketaren sorkuntzan parte hartu dutenak.