Aitor Zabaleta jr izan da turismoetan garaile BMW M3 E46 autoarekin. Bergararrak denboraldi hasierako maila ona berresten jarraitzen du eta etxeko igoeran ere nagusitasuna erakutsi du. Bigarren postuan Alberto Marcos sailkatu da, eta hirugarrenean Lucas Scherer.
Historikoen kategorietan ere debagoiendarrek protagonismoa izan dute. H3 kategorian Aitor Lujanbio izan da lehena; H2 kategorian, berriz, Alain Martinez. Junior mailan Miren Martinez nagusitu da.
Bergararren sailkapenean Zabaleta aita-semeak izan dira protagonista nagusiak beste behin. Aitor Zabaleta aita izan da lehen bergararra; Aitor Zabaleta Jr., bigarrena; eta Ander Sarrao, hirugarrena.
Aitor Zabaleta seniorra gustura agertu da etxean lortutako emaitzarekin, "pozik hiru txapela etxera eramateagatik. Herrian bertan lehiatzea berezia da beti. Ez naiz guztiz ondo sentitu, baina emaitza polita atera dugu”.
Aitor Zabaleta Jr.-k ere balioan jarri du etxean lortutakoa: "Pozik lortutako txapelarekin, eta beste urte batez aitaren ondoan lehiatzeagatik. Zaila izango da aita lehen postutik kentzea, baina horretan jarraituko dugu, kar-kar. Plazer bat da Bergaran lasterketa izatea eta harro nago bertaratu, animatu eta lagundu duten guztiekin".
Turismoetako bigarren sailkatu Alberto Marcos ere pozik agertu da Gorlako giroarekin eta emaitzarekin. "Plazer bat da Bergaran lehiatzea; bertako jendea ikusteak asko animatzen gaitu. Ni urduri eta dena egon naiz, baina oso pozik nago lortutako emaitzarekin".
Antolatzaileek ere balorazio positiboa egin dute jardunaldiaren amaieran. Gorla Racing taldeko Xabier Zabaletak azpimarratu du proba sendotzen ari dela urtez urte, "lasterketak izena hartzen doa, hau 31. edizioa da eta nabari da. Jende asko bertaratu da, eguraldia lagun izan dugu eta lasterketa polita ikusi dugu".
Saritu guztiak
Multzoka
- 1 multzoa: Aitor Manso
- 2 multzoa: Alberto Marcos
- 3 multzoa: Aitor Zabaleta Jr.
- 4 multzoa: Paul Mera
- 5 multzoa: Iñigo Errasti
- 6 multzoa: Ioseba Muguruza
- 7 multzoa: Iñaki Lapuente
- 8 multzoa: Joseba Sanz
- 9 multzoa: Aitor Manso
- 10 multzoa: Josu Beitia
- 11 multzoa: Aitor Zabaleta Jr.
Historikoak
- H1: Rafa Diaz Pulido
- H2: Alain Martinez
- H3: Aitor Lujanbio
Juniorra
- Miren Martinez
Bergararrak
- Aitor Zabaleta
- Aitor Zabaleta Jr.
- Ander Sarrao
Turismoak
- Lehena: Aitor Zabaleta Jr.
- Bigarrena: Alberto Marcos
- Hirugarrena: Lucas Scherer
Monoplazak
- Lehena: Aitor Zabaleta
- Bigarrena: Aitor Manso
- Hirugarrena: Josu Beitia