2008an iritsi zen Galiziara Gladys Ccalli Lopez (Ilo, Peru, 1983); urtebete geroago Eibarrera joan, eta han bizi izan da 2021era arte, bergarar batekin maitemindu zen arte.
Txikitako ze oroitzapen dituzu?
Txakurrak nituen eta aitarengana joaten nintzen lanera, bazkaria eramatera. Bakarrik joaten nintzen. Lehen, lasaitasun handiagoa zegoen. Orain, jende gehiago dagoenez, ez da horren segurua. Aire zabalean bizitzea gustatzen zitzaidan, korrika egitea. Oinez ibiltzera joaten nintzen, bakarrik, inguruak esploratzera [Barre]. Eskolara joaten nintzen, eta amari laguntzen nion dendarekin. Lotura handia izan dut amarekin, eta orain, faltan igartzen dut.
Nolakoa da Ilo?
Peruko hegoaldean dago, Ozeano Barean, eta Txileko mugatik gertu dago, bi ordura edo. Arrantza- eta industria-portua dauka. Oso ederra da, turistikoa. 66.000 biztanle inguru ditu. Lehen, jende gutxiago bizi zen, baina beste departamendu batzuetatik etortzen da jendea, lanagatik.
Peru utzi aurretik, beste lekuren batean bizi izan zinen?
Liman, hiru urtez. Lagun bat autobusetako laguntzailea zen. Han autobus batzuk daude Peruko iparraldetik hegoaldera bidaia egiten dutenak. Bidaiek 14-20 ordu irauten dute. Egoitza Liman dago. Han lanean hastera animatu ninduen lagunak, eta hara joan nintzen.
Gustatu zitzaizun?
Liman delikuentzia handiagoa zegoen. Beldur nintzen, baina inoiz ez didate ezer lapurtu. Inoiz ez dut galdu diruzorroa edota eskuko telefonoa.
Nola amaitu duzu Bergaran?
Espainiako Estatura 2008an iritsi nintzen, Galiziara. Inditexen lanean hasi nintzen. Nire ahizpa lehenago etorri zen. Bizpahiru hilabetez lanean egon ginen, biana nire ahizpari ez zioten kontratua berritu. Enpresa egoera txarrean zegoen, baina nik han jarraitzen nuen. Nire anaiak Berriatuan egiten zuen lan, baina Eibarrera mugitu zen. Nire ahizpa etorri egin zen. Azkenean, nik ere etortzea erabaki nuen. 2009tik 2021era arte Eibarren bizi izan nintzen. Han jaio zen nire alaba zaharrera. Bergarar batekin, gaur egun nire senarra denarekin, maitemindu nintzen, eta 2021ean etorri nintzen hona.
"Orain Bergaran egoteak eta nire alabak hemengoak izateak poztu egiten nau"
Imajinatzen zenuen Perutik kanpo zure bizimodua?
Neba aspaldi etorri zen hona. 16 urte nituela esaten zigun etortzeko. Horrek kuriositatea sorrarazi zidan. Familiaren erdia hemen bizi da. Ilobak dauzkat, neba eta ahizpa. Beste erdia han, nire sustraiak. Faltan igartzen ditut. Nahiko nuke haiek hona etortzea, Euskal Herria lasaiagoa da eta.
Nolakoak gara euskaldunak?
Ematen du hotzak zaretela, baina, behin ezagututa, oso abegikorrak eta jatorrak zarete.
Zer gustatzen zaizu Bergaratik?
Paisaia eta eraikinak. Historia handia duten eraikinak daude. Laboratorium museoa ere gustuko dut. Herria txikia da, baina denetik dauka. Eta mendiak; Gorlara eta San Martzialera joatea gustatzen zait. Lagunak egin ditut, eta kariñoa hartu diet.
Arrazakeriarik bizi izan duzu?
Perun esaten dizute hemen arrazistak direla, baina hemen arrazakeria gutxiago bizi izan dut han baino. Ezjakintasun handia dagoela uste dut. Nire gurasoak Altiplanokoak dira, baina ni Ilon jaio nintzen. Nire gurasoek aimaraz hitz egiten dute, baina txikitan ez zidaten erakutsi, gaizki ikusita zegoelako. Ez dakite Peru zeinen herrialde aberatsa den kultura hori izateagatik. Oso harro nago nire sustraiez. Inken ondorengoa naizela diot. Kuriosoa da, baina hona etorrita ikasi dut nire kultura maitatzen. Hemen zuen hizkuntza babesten duzue, bizirik mantentzea aldarrikatzen duzue.
Ohiturarik mantentzen duzu?
Uztailaren 28an Peruko Independentziaren Eguna da. Inca Kola erosten dut –Peruko edaria– eta hango plater bat prestatzen dut: arroza oilaskoarekin, haragia...
Zure alabak Euskal Herrian jaio dira, baina erakusten diezu haien ama nondik datorren?
Bai, noski. Beti eta oso harro esaten diet erdi hemengoak eta erdi Perukoak direla. Oporretan joaten garenean ere erakusten diet. Txikienak oraindik 3 urte ditu, baina alaba zaharrenari eta senarrari beti erakusten diet hango kultura.
Zuretzat zer da perutarra izan, baina Bergaran bizitzea?
Hau nire etxea da. Hemen eraiki dut nire familia. Bakarrik etorri nintzen, ilusioz betetako maleta batekin. Etorri nintzenean, Europa ezagutuko nuela nioen. Liburuetatik ezagutzen nuen, eta orain Bergaran egoteak eta nire alabak hemengoak izateak poztu egiten nau.
Euskara eta aimara, parez pare
2012an urtebetez ikasi zuen euskara Gladys Ccallik. Azaldu duenez, alaba ulertu nahi zuen: "Nik nahi nuen haren amak eskolako lanak euskaraz irakastea. Alabagatik hasi nintzen, hasieran, elkar ulertu gintezen". Hala ere, jendearekin harremantzeko ere eman zuen pausoa: "Jakin nahi nuen zer zioten, eta elkarrizketetan parte hartu". Bergaran, beste urtebetez, 2024an aritu zen euskara ikasten, eta A2 maila dauka: "Lanaren ordutegiagatik ezin izan dut jarraitu. Hasieran, zaila da, baina ikasten baduzu, lortzen da".
Hizkuntza gutxituez
Euskara ezagutzen ote zuen galdetuta, dio Galiziara heldu zenean izan zuela galegoaren, euskararen eta katalanaren berri eta ez zuela uste inoiz hitz egitera helduko zenik; izan ere, adierazi du haren gurasoek aimaraz hitz egiten zutela, baina ez ziotela irakatsi: "Asko gustatuko litzaidake nire amak aimaraz hitz egiten irakastea, baina eskolan guri burlarik ez egiteko ez ziguten irakatsi. Gaztelaniaz egiten ziguten. Kitxua eta aimara hizkuntzak dira, ez dialektoak".