Pentekosteak 2026

Santa Marinako kanpandorretik jaitsiko da Bitorianatxo

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 4a

Plazako obrengatik, Oxirondoko aparkalekuan jarriko dute jaigunea Pentekosteetan, eta Bitorianatxok ere han hartuko du lur. Santa Marinako kanpandorretik jaitsiko da jaiei hasiera emateko hilaren 22an, eta gainera, 90 herritarrek aukera izango dute jaietako protagonistaren ibilbidea tirolina bidez egiteko maiatzaren 26an.

Hiru aste baino gutxiago falta dira Pentekosteak hasteko, eta plazako lanak ez dira aitzakia izango Bitorianatxoren etorrerarako. Jaigunean Oxirondoko aparkalekuak hartuko du, eta hantxe egingo diote ongietorria Bitorianatxori. Santa Marinako kanpandorretik jaitsiko da Oxirondo azoka aurreko eszenatokiraino maiatzaren 22an.

Aldaketa horrek berritasun bat ere ekarriko du. Izan ere, 90 herritarrek kanpandorretik tirolina bitartez jaisteko aukera izango dute. Udalaren esanetan, "Bitorianatxoren jaitsiera lehen pertsonan sentitzeko aukera eskainiko da". Maiatzaren 26an izango da hitzordu hori, eta 11:00etatik 14:00etara bitartean 10 eta 16 urte bitartekoek egin ahal izango dute jaitsiera; 17:00etatik 20:00etara, berriz, 16 urtetik gorakoek. Parte-hartzea gura dutenek izena eman behar dute maiatzaren 17a baino lehen Bergarako Udalaren webgunean. Zozketa egitea beharrezkoa balitz, maiatzaren 18an egingo da, 12:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Tirolinaren antolatzaileek jakinarazi dute jarduera guztiek "berezko arrisku bat" dutela, eta bezeroak izan dezakeen edozein egoera berezi fisiko zein psikikoren  berri eman beharko diola enpresa antolatzaileari, aldez aurretik. Haurdun dauden pertsonek ere, denboraz, beren egoeraren berri eman beharko dute eta zein aukera dituzten azalduko zaie. Adin gabekoek guraso edo tutorearen baimena beharko dute.

Bazkarirako txartelak salgai, gaur

Maiatzaren 25ean egingo dute Pentekosteetako herri bazkaria, Espoloian –euria bada, San Martin eskolako karpan–, eta txartelak maiatzaren 4an jarriko dituzte salgai, 18:00etan, Seminarixoko webgunean, 18 eurotan. Menu orokorraren, beganoaren eta zeliakoren artean aukeratu beharko da. Txartelak erosteko epea: maiatzak 18, edo txartelak agortu arte.

Antolatzaileek adierazi dute, alergia kasuren bat duten eta herri bazkarira joan nahi duten herritarrek kultura zerbitzura deitu beharko dutela (943 77 91 59).

Mokoloblok eta ihes jokoa

Azken urteetako egitarauan hutsik egin ez duen hitzorduetako bat da Mokoloblok, eta aurten, maiatzaren 24an izango da, 17:30ean, Munibe Plazatik hasita. 14 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte –adin txikikoek gurasoen edo legezko ordezkariaren baimena bete beharko dute–, eta izena eman behar da, maiatzaren 17rako Plaza mugatuak dira: 25 lagun. Antolakuntzak asegurua egingo die topagunerako izen ematea behar bezala egin duten parte-hartzaile guztiei.

Maiatzaren 23an eta 24an, berriz, Holter familiaren madarikazioa ihes jokoa egingo dute, 9 eta 14 urte bitartekoei zuzenduta, 16:30ean hasita, Seminarixoan. 30 minutuko saioak izango dira, eta bakoitzean, gehienez, 10 lagun sartuko dira. Ordutegia eta txanda bakoitzeko izen-ematea zabalik dago Bergarako Udalaren webgunean hilaren 17ra arte.

Bakailao lehiaketa, Espoloian

Maiatzaren 23an egingo dute Bakailao lehiaketa Espoloian, eta parte hartzea gura dutenek izena emateko aukera daukate hilaren 14ra arte. Gehienez ere 12 bikotek hartu ahal izango dute parte, eta izena emandako ordena errespetatuko da. Lehiaketako parte-hartzaileek maiatzaren 18tik 20ra hartu beharko dituzte lurrezko kazuelak eta dieta, Udaleko Kultura Zerbitzuan (Laboratorium museoan, Errekalde jauregian, 09:00etatik 15:00etara).

Lehiaketaren egunean, partaideek beranduenez 11:00etan agertu beharko dute Espoloian, eta bakailaoa 12:45ean entregatu beharko dute. Epaimahaiko kideak Udalak izendatuko ditu, eta haien erabakia apelaezina izango da. Sari-banaketa 13:30ean izango da, Espoloian bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak