Aurten ere lehiaketa irekia izango da, elkarte gastronomikoek edota edozein herritarrek eman dezakete izena, baina gehienez ere hamabi bikotek hartu ahal izango dute parte –plazak agortu arte; ez da zozketarik egingo–. Izen-ematea apirilaren 30etik maiatzaren 14ra egongo da zabalik Bergarako Udalaren webgunean. Udalak emakumeak lehiaketan parte hartzera animatu ditu.
Lehiaketako oinarriak
Parte-hartzaileek maiatzaren 18tik 20ra hartu beharko dituzte lurrezko kazuelak eta dieta, Udaleko Kultura Zerbitzuan –Laboratorium museoan, 09:00etatik 15:00etara–. Dieta 110 eurokoa izango da. Udal-bonutan emango da, eta bakailaoa eta platera prestatzeko behar dituzten osagai guztiak erosteko balioko du.
Lehiaketaren egunean, partaideek beranduenez 11:00etan agertu beharko dute Espoloian, eta bakailaoa 12:45ean entregatu beharko dute. Epaimahaiko kideak Udalak izendatuko ditu, eta haien erabakia apelaezina izango da. Sari-banaketa 13:30ean izango da, Espoloian.