Astelehenean hasiko dituzte San Martin plaza berrurbanizatzeko lanak

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 29a

San Martin plazan egindako kontrol arkeologikoa, gaur; garai bateko zoladura bistan dagoela. Argazkia: Begarako Udala.

Maiatzaren 4an –astelehena– hasiko ditu Bergarako Udalak San Martin Agirre plazaren berrurbanizazio lanak. Esku hartzea, alde zaharra "biziberritzeko" estrategiaren baitan kokatzen da, eta Barrenkalean egindako jarduketen jarraipena izango da. Obrak 1.950.569,54 euroko aurrekontua izango du eta Construcciones Zubieder SL enpresak egingo ditu; udazkenerako lanak amaituta izatea aurreikusten da. 

Barrenkalearen eraberritzearen ostean, San Martin plazarekin jarraituko ditu Bergarako Udalak alde zaharra "biziberritzeko" lanak. Lanon baitan, zoladurak eta estaldurak berritu egingo dituzte; lur mugimenduak eta saneamendu sarea egokitu; argiteria publikoa berrantolatu eta energia sareak eguneratu; telekomunikazioen, gasaren eta ur horniduran sare berriak ezarri; eta lorategi eta altzarigintza elementu berriak instalatu. Proiektuarekin, plaza eguneratu egin nahi dute, irisgarritasuna hobetu eta espazio publikoa herriarentzat atseginago eta seguruago bihurtu. "Plazan bi obra mota egingo ditugu. Alde batetik, azpiegiturak berrituko dira, Barrenkalearekin loturak egiteko. Bestetik, obra urbanistikoa edo estetiko ere egingo da; plazari elkargune eta arnasgune izaera aitortzeko", azaldu du Markel Azkargorta hirigintza zinegotziak. 

Udaletxe eta Seminarixo arteko eremuan, Bidekurutzeta eta Barrenkalera doazen akaberekin bat doan zoru berriztua botako dute. Horrenbestez, oror har, plazaren egungo izaera irekia mantenduko da, udal artxiboaren eta biltokiren arteko eremuan izan ezik –bertan, atseden gune txiki bat egitea da asmoa, garai bateko iturria berreskuratuz–. "Erdialdeko hutsuneak, plazan bizi guztian egin izan diren ekitaldiak egiten jarraitzeko bermea eskainiko du. Bestalde, Olaso dorrearen inguruko ardatzean, iturria berreskuratuz eta ikurrinaren konfigurazio berri batekin, eremu berezi bat lortuko dugu plazaren ingurua", esan du Jon Muniategiandikoetxeak, VAUMM taldeko arkitektoak. Construcciones Zubieder SL enpresak hartuko du obren erantzukizuna. 1.950.569,54 euroko aurrekontua izango dute –BEZa barne– eta lanak egiteko bost hilabeteko epea izango dute; udazkenerako amaitzea aurreikusten da horrenbestez. 

San Martin plazaren etorkizuneko itxura. Irudia: Bergarako Udala.

Obren fasekatzea

Oinezkoen joan-etorriak eta inguruko merkatarien sarbidea "ahal den neurrian bermatzeko" asmoarekin, obren fasekatze bat diseinatu dute, eta Udalak jakinarazi du obren garapenaren inguruko informazio eguneratua emango diela herritarrei. Bestalde, Plazan dagoen Harindondin gozoki-furgonetako jabeak adierazi du Irala kalera lekualdatuko dela. Markel Azkargorta Hirigintza zinegotziak dio proiektua "alde zaharra biziberritzeko estrategia zabalago baten parte" dela, eta nabarmendu du "ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideekin egingo direla lanak, bai herritarren egunerokoan, bai ondare arkeologikoaren babesean".

Kontrol arkeologikoa

Astelehena ezkero ari dira makinak lanean San Martin plazan, Seminarixoaren aurrean, ondare arkeologikorik ba ote dagoen aztertzeko. Izan ere, plaza Bergarako Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoaren barruan kokatzen da, eta, horrenbestez, obrarekin lotutako lur mugimendu guztiek kontrol arkeologikoa izan behar dute. Lan horiek Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean egin dituzte, eta aurrekontua 10.527 eurokoa da. Bertan aritu da, besteak beste, Alfredo Moraza arkeologoa eta honakoa adierazi du plazaren inguruan: "XVII. mendekoa da Bergarako plaza, alde batean jesuiten ikastetxea eraiki zuten, eta beste aldean, Udaletxea".

Aste honetako lanetan, Aranzadi elkartearen helburua, lurrazpian gelditu den ondarearen inguruan "dokumentatzea" izan da –ondoren egingo diren lanetan hartu beharreko neurri zuzentzaileak zeintzuk izan beharko diren definitzeko–. Momentuz,  "ez dituzte datu guztiak", baina XVIII. edo XIX. mendeko zoladura izan daitekeena bistaratzea lortu dute. 

Ezkerretik eskuinera, Joseba Aizpurua, Alfredo Moraza, Gorka Artola, Jon Muniategiandikoetxea eta Markel Azkargorta; gaurko prentsa agerraldian. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak