Domekan amaitu zen egitasmoa, eta bi emanaldi berezi egin ziren egitaraua borobiltzeko. Lehena 12:30ean izan zen Udal Pilotalekuan, eta Bergarako musika bandak kontzertu didaktikoa jo zuen Txus Arriaranek zuzendutako banda gaztearen eta M. Jesus Ugaldek zuzendutako Haurren Abesbatzaren laguntzarekin.
Kontzertu berezia Usondon
Arratsaldean, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako orkestra sinfonikoak eta San Joxepeko abesbatzak kontzertu berezia eman zuten Usondo parkean. Apirilean Musika egitasmoaren azken emanaldia izan zen domeka arratsaldekoa, eta, parkea jendez beteta zegoela, Jose Miguel Laskurainek zuzendutako hamar kantu interpretatu zituzten musikariek. Egitasmoari amaiera borobila emanez.
Kontzertu berezia izena jarri zioten, izan ere, inguruko herrietako musikariek emanaldi horretarako sortu zuten orkestra talde batek eman zuen kontzertua. Alustizak azaldu zuenez, hain zuzen, adin ezberdinetako jendearekin kontzertu bat egiteko asmoa izan zuten musika eta dantza eskolako kideek. Hori horrela, orkestraz gain, San Joxepe abesbatzako kideak gonbidatu zituzten Usondoko kontzertura.
Ikasturtea abian da oraindik
Apirilean Musika egitasmoa amaitu bada ere, musika eta dantza eskolako ikasturtea ez da oraindik amaitu. Hori horrela, eskolatik ez dira geldirik egongo, eta aurtengo Debagoieneko Trikitixa Egunaren antolatzaileak izateaz gain, maiatzean eta ekainean kontzertu eta dantza emanaldi batzuk izango dituzte.