Wolframari buruzko erakusketa murgiltzailea inauguratu du Laboratorium Museoak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko apirilaren 15a

Gaur goizean egindako bisitako une bat.

Gaur goizean ireki dute W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna izeneko aldi baterako erakusketa murgiltzailea. Erakusketak wolframaren bitartez zientzia, historia eta etorkizuna lotzen ditu, eta Laboratorium Museoa zabalik dagoen ordutegian bisitatu ahal izango da. Gaur arratsaldean, hiru bisita-gidatu egingo dituzte.

1783an Elhuyar anaiek wolframa isolatzea lortu zuten Bergaran, eta garai hartatik gaur egunera arteko bidaia proposatzen du Laboratorium Museoko hiru gela hartzen dituen erakusketa berriak. Rosa Errazkin museoko zuzendariak adierazi du bisitariak wolframaren historian barrena zeharkaldi bat biziko duela, historia, zientzia eta etorkizuna lotuz. Gehitu du, museoko erakusketa iraunkorraren osagarri izango dela, izan ere, erakusketa horrek ere wolframa du oinarri.

Bergarako alkate Gorka Artolarendako wolframioak isolamendutik gaur egun arte eduki duen eragina islatzen du erakusketak. "Bergarak eduki du bere tokia historian eta zientzian aurkikuntza honekin bereziki. Ez bakarrik Ilustrazio sasoian. Orduan, sekulako pisua izan zuen gure herriak eta horrek esaten duen moduan, gizartean bertan eragin handiak eduki ditu, eta uste dut wolframioaren aurkikuntzak, isolamenduak, gure egunerokoan eduki duen eragin hori herriratzea, eta dibulgatzea oso aukera ona zela 10. urteurren  horren ondoren egin nahi genuen erakusketa indartsu honetan", dio Artolak. 

Erakusketa hiru espaziotan

Wasabi enpresa arduratu da erakusketaren sorkuntzaz, eta hango proiektuen arduradun Josep Garciak nabarmendu du erakusketak "pertsonaia nagusiari" omenaldia egiten diola, hain zuzen, wolframari. Gaineratu du, beti protagonistatzat pertsonak hartzen direla, baina kasu honetan, wolframa denez, bere historia kontatu nahi izan dutela. 

Rosa Errazkinek eman ditu xehetasunak: "Testuinguru ilustratu batean hasiko gara wolframaren aurkikuntzaren garai horretan, 1783an, objektu originalekin –museoko bildumarekin osatuta–, orduko pertsonaien irudiekin eta ikus-entzunezko interaktibo batzuekin. Ondoren, XX. mendeko gatazkei wolframak ze erantzukizun estrategiko izan zuen erakutsiko da, baina teknologia garaikide baten bitartez, murgiltze esperientzia baten bitartez. Azkenik, gaur egungo giro batean amaituko da. Wolframak ere zeresana dauka oraindik, baina beste modu batera lantzen da edo ikertzen da. Zientzialariek nola elkartzen edo lantzen duten ikusi ahal izango da".

Horretarako, hiru gune ezberdinetan hiru etapa ezberdin banatu dituzte. Lehendabizikoan, Barroko garaiko egongela bat birsortu dute. "Pantailak daude, bildumako objektu originalak ikus daitezke pantaila interaktibo batean bideo baten bidez, eta garai hartako pertsonaien pinakoteka imajinario bat daukagu", dio Garciak. Bigarrengoan, gela murgiltzaile bat dago, XVIII.mendetik XXI. mendera arteko bidaia: "Esperientzia sentsorialagoa da". Azkenik, egongela garaikide batean amaitzen da, eta egungo adituek azaltzen dute wolframioak gaur egun ze esanahi daukan.

Josep Garciak nabarmendu du interesgarria dela Bergara bezalako herrietan bilduma bat eta halako aurkikuntza bat konbinatzea: "Taula periodikoko elementu bat da, ez dago Espainian beste lekurik non taulako elementu bat aurkitu den. Hau bezalako historia erakargarria da: bi anaia, Suitzara bidaiak, espioitza elementuak... Luxua da Bergaran izatea museoa eta bilduma eta hori azaltzea".

Laboratorium Museoaren eta Bergarako Udalaren murgiltze-esperientziak Kutxa Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du, baita ondorengo entitate zein pertsonen parte-hartzea: Enpresare, Tecnalia, Elay, Donostiako Kimika Fakultatea, Aythami Soto, Enrique Ascasibar, Ines Pellon, Miguel Angel Lagos, Pascual Román eta Zigor Ruiz de Eguino. Iraupen luzeko aldi baterako erakusketa Bergarako museoa zabalik den ordutegietan bisitatu ahal izango da.

Erakusketako lehendabiziko gela: Barroko garaiko egongela. (Argazkia: I.A.A.).

Escape the museum: wolframaren historia

Maiatzetik aurrera, hileko lehen zapatuan, 17:00etan, Escape the museum jarduera jarriko du martxan museoak. Esperientzia ihes-gela moduko bat da, eta parte-hartzaileek Elhuyar anaiei lagundu behar diete isilpeko informazioa deskodetzen eta historiako mugarri garrantzitsuenetako bat burutzen: wolframaren aurkikuntza.

60 minutu izango dituzte museoko gune sekretuetan pista ezkutuak bilatzeko, mezu zifratuak deskodetzeko eta erronkaz betetako misterio zientifikoa argitzeko. Familientzako, lagun-taldeentzako, ikasleentzako eta 12 urtetik gorako zientzia-zaleentzako jarduera egokia. Taldeak, gutxienez, 5 pertsonak eta, gehienez, 10 pertsonak osatu beharko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak