Miguel Okinaren gaineko liburua sarean ikusgai

Eneko Azkarate Laspiur 2026ko apirilaren 10a

Okinaren gaineko liburuan jasotako irudi bat: Maria Pilar Fissure eta Miguel Okina, margolari eta artisten maisu Simon Arrietaren estudioan, Madrilen, 1958an. Argazkia: M.A.E.

Miguel Angel Elkoroberezibar bergararrak sarean jarri du bere azken liburua: Miguel Okina 1924-2021. Artea etxeetara iritsi zenekoa. Ikus eta irakurgai jarri du denen eskura, Xubi.eus webgunean. Horrekin batera, Bergara, pintore herria izenburuko testua ere bai.

Miguel Okina margolari bergararra jaio zeneko mendeurrena ospatzeko, urte osoko egiataraua antolatu zuen, 2024ean eta 2025ean, Bergarako Artisten Elkarteak, Beart-ek. Ekitaldi-sorta oparoari amaiera emateko, Miguel Okina 1924-2021. Artea etxeetara iritsi zenekoa liburua aurkeztu zuten iazko irailean udaletxeko areto nagusian. 

Liburua xubi.eus webgunean jarri du egileak, Elkoroberezibarrek, orain. Eta liburuarekin batera, Bergara, pintore herria izenburuko testua. Hain justu ere, Okinaren liburuaren aurkezpenean Elkoroberezibarrek berak eman zuen hitzaldia du oinarri testuak eta azkeneko 250 urteetan margolanek eta artista plastikoek Bergaran izan duten garrantzia azpimarratzen du, "transmisioaren gakoak" azalduz.

Arte plastikoaren garrantzia

"Bergaran pinturari duintasuna dario, errespetuz tratatu izan da beti. Artista izatea erabakitzen duenak, etxekoen babesa ez ezik, herrikoen bultzada ere sentitu du urteetan zehar. Belaunaldiz belaunaldi, nork erakutsi eta non ikasi izan du zaletuak; eskolan, estudioetan, lagun artean, akademietan edo kalean" dio egileak testuaren sarreran. Eta, Bergaran, pintura eta pintoreak duintasunez eta errespetuz tratatu izanaren arrazoiak kontatzen ditu, herriko artista eta arte akademia edota irakasleen berri emanez.

Hala, esaterako, 1774an, Parisko doako Errege Eskolaren estatutuak eredutzat hartuta, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bergarako Doako Marrazketa Eskola sortu zuela kontatzen du; Peñafloridako kondea buru zuen Marrazketa Eskola hark. 

Margolanekin erakusketak

Liburuarekin batera, Okinaren gaineko bi erakusketa antolatu zituen Beart elkarteak Aroztegi aretoan haren jaiotzaren mendeurrenaren harira: Zurian beltz izenekoa –Okinak ikatzez egindako 100 erretratu– iazko martxoan eta Miguel Okinaren erakusketa antologikoa izenekoa urte bereko urrian. Horretaz gain, artistaren lanak paretetan eskegita dauden herriko hainbat elkarte gastronomikotara bisitak ere antolatu zituen Beart-ek.

Xubi.eus webgunean batuta dauzka Miguel Angel Elkoroberezibarrek azken urte hauetan Bergarako historia, pertsonaia eta artisten gainean idatzitako hainbat argitalpen. Era berean, baita hainbat ikus-entzunezko edota argazki, Don Serafin Esnaolarenak, esaterako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak