Hitzordura Okinaren gertukoak eta ikasle izandakoak bertaratu dira, besteak beste. Udalak, Okinaren familiak eta Beartek Miguel Okinaren figura eta Bergarari egin dion ekarpena izan dute hizketagai, Maite Usabiaga Kultura zinegotziaren, Josu Okina ilobaren, Bingen De Pedro margolariaren eta Xabier Agirre Bearteko kidearen ahotan.
Hemendik eta datorren urteko udazkenerarte programatuta dauzkaten askotariko ekintzak aletu dituzte: "Esaterako,koadro-forumak antolatuko ditugu, pinturari buruz eta Okinaren koadro ezberdinei buruz berba egiteko. Elkarte gastronomikoetara bidaiatxoak egingo ditugu, izan ere, txoko horietan koadro asko ikus ditzakegu, eta abagune polita izango da tokiok ezagutzeko, bide batez. Azken finean, pinturaren zaletasuna sustatzeko dinamikak izango dira", adierazi du Agirrek.
Bestetik, lanean dabiltza Okinaren obra guztia katalogatzeko: "Garai batetik aurrera argazkia ateratzen zien koadroei, bukatzen zituenean. Negatiboen bilduma hori digitalizatuta daukagu, ia-ia 3.000 irudi dira. Baina koadroen erdiak ez dakizkigu non dauden, eta hori jakin nahi dugu, informazioa osatze eta ordenatze aldera. Jabeek Bearteko telefonoa dute eskura". Gaiarekin jarraituz, Josu Okinak zera aipatu du: "370 oliozko erretratu dauzkagu, eta Miguelen kalkuluen arabera 500ndik gora daude. Nahiko lorpen handia egin dugula uste dugu".
Josu Okinak gehitu du 2025eko irailetik urrira Okinaren erakusketa antologikoa egingo dutela Aroztegi aretoan: "40ko hamarkadatik aurrerako koadroekin osatuko dugu, etapa guztietakoekin. Eta aurrerantzean ere saiatuko gara halako gehiago egiten, handia baita osabaren bilduma".
Aprobetxatu du Simon Arrieta margolariarekin batera herrian utzi duen arrastoari buruz hausnartzeko: "Biek izan zuten aukera Madrilen jarraitu eta ospe gehiago hartzeko, baina Bergarara itzultzea erabaki zuten, herri-minagatik edo. Miguelek hemen zortea izan zuen, berak koadroak saldu baino, jendeak erosi egiten zizkiolako. Oso edadetuta hil zen eta 90 urte ingururekin utzi zion margotzeari. Bere lagun-minak epe laburrean hil ziren eta tristura sartu zitzaion, jada ez zeukan gogorik".
250 urtetako transmisioa
Hizlarien aipamenei testuinguru historikoa jarri die Miguel Angel Elkoroberezibarrek. Beste hainbat artistarekin egin antzera, Miguel Okinari buruzko liburua idazten dabil orain, 2025eko irailean aurkeztuko duena. Hitzartzean azken 250 urteotako transmisioaren gakoak adierazten saiatu dela kontatu du: "Seminarioan sortu ziren lehen doako marrazketa eskolak, XVIII. mendean. Herri-ekimen eta irakasleei esker, margolaritzaren tradizio handia bildu da Bergaran. Izan ere, artistak ez dira gauetik goizera, modu espontaneoan sortzen. Lehenagoko akademietako ikasle izan zen Miguel Okina, lanbide eskolan maisu eta ikasle... Gainera, jakin zuen bidea erakusten, eredugarri izan zen. Urte asko bizi izan zen, eta haren lanaren ordaina jasotzen ari da orain, berari zor zaion omenaldia".
Gogoan izan ditu gaurko ekitaldira bertaratu diren margolariak, Miguelen ikasle izandakoak: "Haiei eskerrak esan dezakegu Bergara pintore herria dela".