COVIDaren garaian hil zen Miguel Okina Bergarako pintorea, eta iazko irailean –haren jaiotzaren mendeurrenean– hasi eta urtebetean zehar ekimen asko antolatu ditu Beart margolarien elkarteko lau lagunek –Josu Okina, Anton Arrillaga, Bingen de Pedro eta Xabier Agirre– Miguel Angel Elkoroberezibarrekin osatutako batzordeak.
Gaur, egubakoitza, Aroztegi aretoan, 19:00etan, inauguratuko dute Miguel Okinaren erakusketa antologikoa, urriaren 26ra bitartean ikusgai izango dena, eta harekin borobilduko dute artista emankorraren omenezko ekitaldi sorta.
Margolanen bilketa herrikoia
Aspalditik ari ziren Beartekoak Okinaren obraren katalogazioa osatzen, eta deialdia egin zuten haren lanen jabeei horien berri emateko eskatuta. "Jarrera oso ona aurkitu dugu jabeen aldetik, eta konturatu gara poza zutela ekimenean parte hartzeko. Irudi banku handi bat osatzea lortu dugu, 2.000 lan baino gehiago dagoeneko kontrolatuta ditugu, baina beste horrenbeste oraindik agertu barik egongo direla uste dugu", dio batzordeko kide Xabier Agirrek, eta zera gaineratu du Bingen De Pedrok: "Jende askorekin izan zuen Miguelek harremana; pintore emankorra izateaz gainera, izaera oso adeitsua zuen. Etxe askotan mimoz eskegitako margolan asko utzi dizkigute, eta argazkiak eta bestelako informazio asko helarazi ere bai. Bergaran zeuden lan asko lortu ditugu, inguruko herrietatik ekarritakoak eta baita urrunagotik ere: Bilbotik, Arabatik, Nafarroatik, Bizkaitik, Madrildik eta Frantziatik, besteak beste.
Mimoz gorde eta utzitakoak
"Zoragarria iruditu zait ekimena, eta goraipatu egin nahi dut, ederki margotzez gainera, Beartekoek herriaren alde egiten duten lan handia. Segituan eman genuen izena ekimenean parte hartzeko. Gertukoa genuen Okina, eta gurasoen etxean hainbat lan genituen, oliozkoak zein ikatzez margotutakoak", dio Blanca Narbaizak. Haren aitajaunaren –Andres Narbaiza zena– erretratua dago erakusketan: "1948koa da koadro hori. Ez nuen ezagutu nik aitajauna, baina betidanik entzun dut etxean Miguel gaztea zela erretratu bat egin nahi ziola esan ziola, eta, inori ezer esan barik, haren estudiora joaten zela lantokitik, Zerrajeratik, ateratzen zenean, eta, halako batean, koadroarekin joan zen etxera. Oso harro gaude, eta gustura joango gara inaugurazio ekitaldira".
Bilbon bizi da gaur egun Mikel Zabaljauregi, eta hark ere badu gaur Aroztegira joateko asmoa. Gurasoen etxean zeuden hiru koadro eroan ditu familia horrek: Bittori Azpiazu eta Maria Mondragon amandreen erretratu bana eta Zubitako paisaia bat. "Gure familiak harremana izan zuen Okinarekin, eta haren koadro asko ditugu. Gustura asko hartu dugu parte ekimenean. Aurrez egin zuten koadro-forum-erako ere hainbat margolan utzi genizkien".
Oliozko 55 margolan
Genero guztiak –erretratuak, natura hilak eta paisaiak– landu zituen, baina, batez ere, "erretratugile paregabea" zela dio Agirrek: "Aretoaren edukierak behartuta, galbahe fina erabili behar izan dugu haren obrarik esanguratsuenak hautatzeko. Sarreran erretratu galeria bat jarri dugu. Formaren kontrola izugarria da, eta argitasunerako bidaia horretan pertsonaren arima antzematera iristen da maisutasunez. Erretratu psikologikoa, hau da, barne izaeraren sena azterraraztea".
Miguel Angel Elkoroberezibar: Azken pintzelkada
Mihia ezpainen ertz batetik aterata, azken pintzelkada eman dio margolariak aurrean duen erretratuari. Hiru pauso atzera jo, eta bere obra arretaz begiratu du. Antzeman dio aldartea, arima, eta hilezkortasuna eskaini dio lientzoko lagunari. Nortasunaren azterketa egiteko gaitasuna dauka artistak; interpretatuz, arriskatuz, konformista izateari uko eginez, baina trikimailurik gabe, bere pintatzeko moduarekin koherente. Pintura kementsua da berea, baina, aldi berean, delikatua. Kalera atera zuen bere kaballetea, eta etxeetara iritsi ziren bere margolanak. Artisten profesionalizazioa eta artearen normalizazioa sustatu zituen.
Hitzaldi, topagune, erakusketa eta liburuaren ondoren, Migel Okinaren jaiotzaren mendeurrenari errematea ematea geratzen zaigu: erakusketa antologikoa, batzordekoon azken pintzelkada. Hiru pauso atzera jo, eta atzera begiratu dugu. Herriari bere margolariaren erretratua eskaini diogu, eta merezi izan du.