Uztak eta elikagaiak gordetzeko eta karraskariengandik eta piztiengandik babesteko diseinatutako arkitektura herrikoiak dira garaiak, eta eraikuntza horiei lotutako jarduera, lanbide eta ezagutza tradizionalak ez ezik, komunitateek horien inguruan landu duten "ondasun immaterial garaikide eta konplexua" nabarmentzen du aintzatespenak. Garai horiek Asturiasen, Galizian, Leonen, Kantabrian eta Euskal Autonomia Erkidegoan daude, eta "funtsezko zeregina betetzen dute kultura-markatzaile eta nortasun kolektiboko adierazpen gisa, praktika sozialei, transmititutako jakintzei, memoria partekatuei eta irudikapenei lotuta". Espainiako Gobernuak ohartarazi duenez, ordea, "euren etorkizuna mehatxatzen duten hainbat arrisku daude, hala nola jatorrizko erabilera galtzea, homogeneizazioa, belaunaldien arteko deskonexioa eta kultura-testuinguruak desagertzea". Bada, adierazpenaren bidez, garaien arkitekturaz gain, egituron nortasuna eta memoria kolektiboa zaindu nahi dira.
Bergarakoa, Gipuzkoako bakarra
Agarreko –Agirreko– garaia Agirreko San Martin auzoan dago kokatua, XV. mendearen lehen erdikoa da eta Gipuzkoan gelditzen den jatorrizko garai bakarra da.
Haritz egurra erabilita, iltzerik gabe dago mihiztatuta. Bi isurialdeko teilatua dauka eta bere azalera 100 metro koadrokoa da, barrukoaren halako bi. Barruan, bi ganbaratxo eta solairu nagusia ditu, eta azken horrek hiru zati: alboetako bi idortegiak eta erdiko gela, karraskariengandik babestuko. Kutxa sendo bat dago bertan, gaztainondo-egurrezkoa, eta, dituen neurriak aintzat hartuta, gelan bertan egin zela ondorioztatzen da, atetik horrelakorik sartzerik ez dagoelako. Garia eta artoa bananduta gordetzen ziren kutxa horretan.
Bergarako Udalaren jabetzakoa da garaia eta konpondu egin zuen 1983-1985 bitartean. Euskarriak oso jota zeuden, eta, horregatik, zaharberritzerakoan, Ubera auzoko beste garai batenak erabili zituen: Etxeberri Urrutiko baserriko garaia izandakoarenak, hain zuzen ere. Lurretik metro bat baino gehiagora altxatua dago garaia, harrizko lau oinen gainean.
Ausarta eta bitxia da Agirreko garaia, bere ezaugarriak ez datoz bat beste batzuenekin, eta antzinako eraikitzaile euskaldunek teilatu-hegal handiak –Bergaran hain ugariak direnak– oso gogoko zituztela erakusten du.
Agirre baserriaren ondoan dago, eta, Telesforo Aranzadiren ikerkuntza-dokumentuen arabera, badirudi baserria San Martin Agirreren etxea izan zela.