Abian da Bergara Oinez egitasmoaren denboraldi berria, dagoeneko zortzigarrena dena. Atzo izan zen lehenengo irteera eta Agorrosinetik irtenda Labegaraietarano joan ziren irteerako parte hartzaileak. Helburu argiak ditu ekimenak: osasuna sustatzea bai, baina baita parte hartzaileen arteko harremanak ere. "60-90 minutu inguruko ibilbide irisgarriak izaten dira, eta erritmo ezberdineko jendea badago, bi taldetan banatzen gara. Asmoa da denok elkarrekin osasuna eta harremanak lantzea", azaldu du Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Zihortza Marzanek
Izan ere, Bergara Oinezen ezaugarrietako bat da irteera bakoitzean herriko elkarte, talde edo eragileren bat dela antolatzailea; atzoko irteera, esaterako, Pol Polekoek gidatu zuten. "Herriko elkarte, eskola, erakundeetako jendea eta herritarrak nahaste dira, eta modu horretan, bakarrik dagoen jendeari, esaterako sare bat eta lagunarte bat zabaltzeko osatzeko aukera ematen dio", gaineratu du Marzanek.
Hurrengoa, apirilaren 16an
Guztira hamabost irteera egingo dituzte 2026an; atzo egin zuten lehenengoaren ostean apirilaren 16an izango da hurrengoa eta san Joxepekoak izango dira orduan arduradunak. Saio guztiak eguenetan dira, 10:00etan eta Agorrosinetik abiatuta. Irteera bakoitza beroketa ariketekin hasten dute eta amaieran, hamaiketako osasungarria ere izaten dute parte-hartzaileek. Eguraldi txarra eginez gero, gimnasia saioa egingo dute Agorrosinen bertan.
Bergara Oinez herritar guztiei zabalduta dagoela nabarmendu dute Bergarako udaleko ordezkariek, eta ibilaldi bakoitza hasi baino lehen izena ere eman behar da.
2026ko egutegia
- Apirilak 16- San Joxepe
- Apirilak 30- San Martin Agirre eskola
- Maiatzak 14- HHI-EPA
- Maiatzak 28- Bergarako Osasun Zentroa
- Ekainak 11- Duintasuna
- Ekainak 25- Farmaziak
- Uztailak 9- Jardun
- Uztailak 23- Bergarako Udala/ Osasun Saila
- Irailak 10- Aspace
- Irailak 24- San Joxepe / Duintasuna
- Urriak 8- Aranzadi Ikastola
- Urriak 22- Mariaren Lagundia
- Azaroak 5- Neo Kirol Enpresa
- Azaroak 19- Goyenetxe Fundazioa