ALBISTEAK

Abelgorrien faltan, berritasunekin dator Erramu-zapatua

Ibai Irasuegi Garai 2026ko martxoaren 26a

Dermatosi nodularra dela-eta zapatu goizeko ferian ez da behirik izango, eta arratsaldeko zezentxoen ordez herri-kirol parte-hartzaileak antolatu dituzte; bertako eta inguruko ekoizleen elikagaien 30 postu jarriko dituzte, eta artisauen 70 egongo dira San Martin plazan.

Udaberriko oporrak ate-joka diren honetan, badator, beste urte batez, Erramu-zapatua. Egitarau betea izango du aurtengoak ere, bihar izango baitira lehendabiziko ekintzak, eta zapatuan borobilduko da bergararrentzat horren preziatua den eguna. Benetan berezia izango da, gainera, zapatuko eguna.

Korrikarekin hasiko dute Erramu-zapatua eta 09:00etan zabalduko dute feria

Alde batetik, Korrika sartuko delako herrian 06:30ean, baina, bestetik, ez delako behirik izango ferian, ezta zezentxorik ere arratsaldean, dermatosi nodular gaitzagatik.

Behirik gabeko feria

Goizeko bederatzietan zabalduko dute feria, eta abelburuen erakusketa Ibargarai kalean izango da, ohi bezala. 25 ardi, beste horrenbeste ahuntz eta 50 zaldi-behor izango dira ikusgai. Ez du ohiko irudia izango, ordea. Abelgorririk ez da izango aurten, dermatosi nodularragatik. "Erramu-zapatuko feriako elementu garrantzitsuenetakoak izaten dira abereak. Aurten behirik ezin izango da egon, dermatosi nodularragatik. Ardiak, ahuntzak eta zaldiak, bai. Zapatuan ezingo da bermatu behiak egotea.

Hala ere, aipatutako abelburuak egonda, ea mantendu dezakegun feriaren izaera hori", dio Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Maite Usabiagak. Arratsaldeko zezentxoei buruz aurreratu du Erramu-zapatua antolatzen hasi ziren unean ezin zirela zezen ikuskizunak antolatu, gaitzagatik, eta beste alternatiba bat pentsatu behar izan zutela. Horregatik, herri kirol parte-hartzaileen aldeko apustua egin dute (Ikus. 22. orria).

Aretxabaletako Zaloña Aurrekoa baserriko Ibai Alberdi behiekin egon zen iazko Erramu-zapatuan, baina aurten ez da etorriko. Pena du horregatik, baina prebentzio neurri moduan ona dela dio; batez ere, beste zenbait lekutako egoerak ikusita; esaterako, Aragoin. Hala ere, uste du "baserritarrak ikusarazten ez diren egoera guztiak" direla tristeak.

Elikagai eta artisau postuak

Ibargarai kalean ere, Simon Arrieta plazarekin batera, bertako eta inguruko ekoizleen elikagaiz osatutako 30 postu egongo dira. San Martin plazan, berriz, artisauen 70 postuak izango dira. Mari Karmen Etxebarria ekoizle bergararrak 10 urte baino gehiago daramatza Erramu-zapatuko azokara joaten, eta etzi ere han izango da, barazki, ezti, ogi-artisau eta zukuekin. "Gogotsu" dago zapaturako: "Niretzat, lehen sektorerako egun garrantzitsua da. Azkenean, aspalditik datorren ohitura bat da eta lehen sektorearekin lotuta dagoen feria da".

Trafikoan eragina

Trafikoan eragina izango du eta kale mozketak egongo dira egubakoitz eta zapatu goizean

Bergarako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, egubakoitzean, 07:00etatik 14:00etara Fraiskozuri kalea itxi egingo dute, azokaren muntaketengatik, eta Udaltzaingoak berak bideratuko du trafikoa. Era berean, zapatuan, Fraiskozuri kalea eta Ibargarai kalea –4. ataritik 14.era bitartean– itxita egongo dira 07:00etatik 15:00etara.

Halaber, zapatuan aparkatzeko gune bereziak jarriko dituzte, eta San Martin Herri Eskolako eta Ipintza institutuko jolastokietan aparkatu ahal izango da egunean zehar. 20:00etatik aurrera libre egon beharko dutela argitu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak