Txuringo zabalduta, auzo bizigarriagoa izateko pausoa eman du Osintxuk

Hasier Larrea 2026ko martxoaren 28a

Zapatuan ireki zituen ateak plazako taberna eraberrituak, urtebeteren ostean. Espazio berria izateaz gain, zabalagoa ere bada, lanerako aproposa, Luz Esmeraliz Vasquez kudeatzailearen esanetan. 

Osintxun funtzio garrantzitsua bete izan duen Txuringo tabernak ateak ireki ditu, urtebete itxita egon ostean, auzotarren topagune izaten jarraitzeko helburuarekin. Gainera, espazio berri eta zabalagoa da orain. Izan ere, 2024tik lokalaren jabe den Bergarako Udalak eraberritze lanak egin zituen iazko irailetik azarora, eta emaitza agerikoa da, tabernaren kudeaketaren arduradun Luz Esmeraliz Vasquezen esanetan: "Jantoki handiagoa, sukalde eta komun berriak... Lanerako gune oso aproposa geratu da".

Apunte horri beste bat gehitu dio Mikel Etxaniz auzo-ordezkariak, eta ikuspegi sozialari egin dio erreferentzia: "Plazan egonda eta terraza edukita, topagune garrantzitsu bat berreskuratu dugu osintxuarrok. Badago beste taberna bat, baina Txuringok aukera handiagoak eskaintzen ditu. Osintxu Biziberritzeko Lantaldearen helburuetako bat hori zen; pozik gaude emaitzarekin. Jendea zain zegoen, eta oso gustura dago orain".

Auzoa eraberritzeko asmoz

Norabide berean kokatzen da apirilaren 1ean bertan irekiko den auzoa berroneratzeko Open Gela bulegoa. Txuringoren alboan dago, eta etxebizitzak berritu eta birgaitzeko aukeren berri emango du bertan Unai Rodriguez administrariak. Eusko Jaurlaritzak 2019an Osintxuri emandako Gune Degradatu izendapenarekin du lotura bulegoak. Udalak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak 200.000 eurorekin lagundutako proiektu baten baitan, "herritarren parte hartzea zein informazioa erraztea" izango du ardatz nagusi. "Fatxadetarako isolamenduak eta igogailuak jartzeko informazioa jaso ahal izango da bulegoan. Kontuan hartu auzoan lau igogailu besterik ez dagoela. Balkoiak jartzeko aukerak ere aztertuko dira, etxebizitza askok ez baitute balkoirik", azaldu du Etxanizek.

Joan-etorri handikoa

Era berean, errealitatea zein den azaldu du auzo-ordezkariak: "Osintxun bizi garen 340 lagunetatik %20 baino gehiago kanpotik etorritakoak dira; hein handi batean, auzo degradatua denez, alokairuen prezioak baxuak direlako. Horri lotuta, esan behar da etorkin asko ez direla auzoan egonkortzen, sartu-irten asko egiten dituzte eta".

Dena den, Open Gelaren irekiera albiste pozgarritzat jotzen du, baita Udalak ere, "auzoko bizi-kalitatea hobetzea" ekarriko duelako, "eraikinak modernizatuz eta energia-eraginkortasuna handituz". Aldi berean, auzoaren kohesio soziala eta garapen jasangarria "indartu" nahi direla ere adierazi dute udal ordezkariek.

Hori baita Osintxu eraldatu eta txukuntzeko bidea, Etxanizen esanetan: "Ilusioz gaude, poliki bada ere bagabiltzalako emaitzak ikusten. Orain, lantaldeko kideok bizilagunak animatuko ditugu inbertsioak egin ditzaten".

Luz Esmeralis Vaspuez

"Sasoi oneko jendea dago hemen"

Luz Esmeralis Vasquez Garcia ostalari bergararrak kudeatuko du Txuringo taberna. Egunero irekiko du, astearteetan izan ezik, 09:00etatik 21:00etara – zapatuetan, 23:00ak arte–. Dioenez, oroitzapen onak ekartzen dizkion gunea da Txuringo: "Txikitan paseoan ibiltzen nintzen familiarekin herrigunean, eta bertan geratzen ginen, izozkia, pintxoak edota errazioak jateko". Giro ederra aurkitu duela esan du, "sasoi oneko jendea, eta esker onekoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak