2026ko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofiziala egin dute Bergaran

Imanol Beloki Unamuno 2026ko martxoaren 26a

2026ko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofizialean, ordezkariak oholtzan.

2026ko Itzuliaren aurkezpen-ekitaldia Seminarixoan egin dute, eta, bertan, ordezkari instituzionalek zein antolatzaileek parte hartu dute.  Apirilaren 6an hasiko da 810,1 kilometro izango dituen Itzulia; sei etapa izango dira, guztira, eta Bergaran izango du amaiera txirrindularitza probak apirilaren 11n.

Lasterketaren edizio berria aurkezteko ekitaldian, ordezkari instituzionalek, babesleek eta erakundeko kideek parte hartu dute. Honako hauexek parte hartu dute ekitaldian: Gorka Artola, Bergarako Udaleko alkateak; Javier Riaño, OCETAko presidentea; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoko eta Kiroletako zuzendaria; Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak; Basotik; Ibon Barberia, Echemarreko Komunikazioko zuzendaria; eta Joseba Urkiola, EITBko ordezkaria.

Hitza eurek hartu duten arren, beste hainbat elkarte eta instituzioetako ordezkariak ere izan dira harmailetan: Maddalen Iriarte, EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea, edo Bergarako Lokatza Txirrindulari Elkarteko zenbait ordezkarik. Eurekin batera, izen handiko txirrindulari ohiak ere izan dira Bergarako ekitaldian: Roberto Laiseka, Omar Fraile (Gorlako txirrindulari proba irabazitakoa), Abraham Olano… 

Omar Fraile eta Roberto Laiseka txirrindulari ohiak ekitaldian.

Abraham Olano txirrindulari ohia Itzuliako ekitaldia aurkezpenean.

Bergara eta Debagoiena mapan jarriz

Gorka Artolak, Bergarako alkateak, adierazi duenez, Bergaran, argi eta garbi dugu Itzulia ez dela maila goreneko kirol-ikuskizuna bakarrik. Askoz gehiago da. Gure herriko eta, modu zabalagoan, Euskal Herriko nortasuna, kultura zein balioak mundura zabaltzeko aukera aparta da. Itzuliak tokian-tokian nahiz nazioartean daukan jarraipenak Bergara eta Debagoiena jarriko ditu mapan, eta gure paisaia, gure historia eta gure jendea eramango ditu mundu zabaleko ikus-entzuleengana. Inolako zalantzarik gabe, hori guztia harrotasun-iturria da guretzat".

Lokatza Txirrindulari Elkarteari aitortza

Halaber, bere esanetan, "aurten, gainera, ospatzeko arrazoi berezia daukagu: Lokatzaren 50. urteurrena. Mende erdiko lana ez da erraz egiten. Lokatzak gure herrialdeko txirrindularitzaren kultura eratu eta sendotu du, belaunaldiak batu dituelako eta kirolaren balioak igorri dituelako: ahalegina, diziplina eta kidetasuna", besteak beste. "Horregatik, azken etapa Bergaran amaitzea Lokatzari eta gure herrian hain sustraituta dagoen txirrindularitza-tradizioari eskainitako benetako omenaldi zoragarria da". Horren baitan, Ion Unamunok, Lokatza Txirrindulari Elkarteko zuzendaria pozik agertu da ekitaldiaren ostean, Lokatzaren gainean esandakoengatik.

Itzulian arituko diren taldeen aurkezpena egiteaz batera, faboritoak zeintzuk diren ere komentatu dute ekitaldian. Izan ere, pirilaren 6an, Ayuso, Del Toro, Seixas eta Roglic Bilboko irteeran egongo dira, besteak beste. Horren baitan, Javier Riañok, OCETAko presidenteak, honakoa esan du: "Itzuliaren 65. edizioak ikuskizun handia eskainiko du, eta, bertan, mendia zein maila handiko txirrindulariak izango dira nagusi. Ez dira egongo ez Pogacar ez Vingegaard, baina beste txirrindulari batzuk bai, ordea; Ayuso edo Del Toro, esaterako. Gaineratu duenez, "lasterketa hazi eta hazi egin da markekin zein enpresekin garatutako lankidetza berriei esker. Horrez gain, kopuruari begira ere hazi da urtez urte, Euskadiko txirrindularitzaren egoera onaren adierazgarri".

Zaleei ikurrinekin agertzeko eskakizuna

Gorka Iturriagak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoko eta Kiroletako zuzendariak, balioa eman dio Itzuliko antolatzaileen lan eskergari: "hain maila handiko probak antolatzeko, eskakizunak gero eta handiagoak eta zailagoak direla kontuan hartuta, antolakuntza bera bikaina izan behar da. Hori dela eta, gaur, lan horri eman nahi diot balioa". Era berean, zuzendariak zale guztiak gonbidatu ditu Itzuliaz gozatzera eta kaleak zein errepideak ikurrinez betetzera.

Roberto Ramajok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak, azpimarratu duenez, "Itzuliak berriro egiaztatu du txirrindularitzak indar handi-handia daukala Gipuzkoan eta gure lurraldeak gaitasun handia duela kirol-hitzordu handiak antolatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Sailarentzat, lasterketa hau babestean, kirola ulertzeko modu zehatza babesten da, eta oso lotune handia dauka ahaleginarekin, zaletasunarekin eta harrotasunarekin. Itzuliak nazioarteko dimentsioa dauka, baina, horrez gain, jarduera sortzen du, Gipuzkoa proiektatzen du kanpoan eta kirolaren zein herritarren arteko lotura indartzen du".

Joseba Urkiolak, EITBko ordezkariak, adierazi duenez, "Itzulia urteko ekitaldi handienetakoa da EITBrentzat. Munduan lekuratzen gaitu, eta gure izaerarako oinarri zein euskarri nagusia da. Hori dela eta, eskuragarri ditugun baliabide guztiak
darabiltzagu ekitaldi guztietan. Aurten ere, goi-teknologia erabiliko dugu, eta jarraipen zabal bezain osoa izango dugu telebistan, irratian eta Interneten".

Ibon Barberiak, Echemarreko Komunikazioko zuzendariak ere hitza hartu du, eta, honakoa azaldu du: "Itzuliari babesa ematean, hain zuzen ere, boluntarioen erakundeari ematen zaio babesa, kirola sustatzen da edo gure lurraldea erakusten da, euripean ere ezin zoragarriagoa dela kontuan hartuta. Itzuliari babesa ematea gauzak egiteko, bizitzeko eta luzaroan
irauteko modua aldarrikatzea ere bada. Horretarako, gure familietan eta baserrietan belaunaldiz belaunaldi igortzen den funtsezko balioa dugu oinarri: auzolana".

Aurkezpenean bertan, aurretiaz jakitera emandako 2026ko edizioko ibilbidea gogorarazi da, baita 2026ko Itzuliko abesti ofiziala eta dortsalen behin-behineko zerrenda ere.

'Itzuliko Naiz', Itzuliako kantua

Itzuliko antolatzaileek iragarri dutenez, Ermuako Momak taldearen Itzuliko Naiz 2026ko Itzuliako edizioko abesti ofiziala izango da. Lasterketak bigarren aldiz bultzatu du ekimen hori, musikaren bidez ere ekitaldiaren nortasuna indartzeko asmoz.
Abestia gaurko aurkezpenean ere entzungai izan dute Seminarixora bertaratu direnek, modu akustikoan.

Momak taldeko kidea Itzuliako kantua eskaintzen, aurkezpenean.

Lau maillot bereizgarri

Berriro ere, Gobik izango da 2026ko edizioko Itzulia Basque Countryko sailkapen nagusiko liderrak jantziko dituena. Aurten ere, lau maillot bereizgarri egongo dira: Euskadi Basque Countryk sailkapen nagusiko irabazlearentzat babestutako horia, Basotik Fundazioak babestutako mendikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako erregulartasunekoa; eta EITBk gazte onenarentzat babestutakoa.

Munduko txirrindularitza onena sei etapatan

2026ko Itzulia Basque Country apirilean garatuko da, sei etapa izango ditu eta bere ohiko formatuari eutsiko dio WorldTour egutegiaren barruan. Aurretiaz aurkeztutako ibilbideak berriro zeharkatuko ditu Euskadiko zenbait udalerri eta lurralde hurbil. Guztira, 810,1 kilometro edukiko ditu, metatutako malda 16.154 metrotik gorakoa izango da eta honelaxe banatutako 29 mendate puntuagarri egongo dira: lehen mailako 4, bigarren mailako 7 eta hirugarren mailako 18. Proban, nazioarteko maila goreneko taldeek eta txirrindulariek parte hartuko dute.

Eguna Etapa Irteera Helmuga Km
Astelehena, Apirilaren 6a 1 Bilbo Bilbo 13,8
Asteartea, Apirilaren 7a 2 Iruña Mendukilo Kobazuloa 164,9
Asteazkena, Apirilaren 8a 3 Basauri Basauri 152,8
Osteguna, Apirilaren 9a 4 Galdakao Galdakao 167,2
Ostirala, Apirilaren 10a 5 Eibar Eibar 176,2
Larunbata, Apirilaren 11a 6 Goizper-Antzuola Bergara 135,2

Itzulia Basque Challenge

2026an, Itzulia Basque Challenge martxa zikloturistaren beste edizio bat egingo da, aurreko urteetako harrera onaren ostean. Aurtengo martxa Bergaran hasi eta amaituko da. Berriro ere, probak zenbait mailatara egokitutako bi ibilbide eskainiko dituenez, parte-hartzaileek lehiaketa profesionalaren antzeko esperientzia bizi ahal izango dute.

Ibilbide nagusiak Itzuliko azken etaparen lorratza jarraituko du, eta trazatua gogorra izango da kilometroen kopuruagatik nahiz metatutako maldagatik. Probak bi ibilbide aukera eskainiko ditu maila guztietara egokitzeko: World Tour ibilbidea: 133,8 km eta +3.000 m-ko malda eta Iraupen ertaineko ibilbidea: 70,2 km eta +1.650 m-ko malda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak